• EKONOMIA
  • Online erosketei hiru euroko zerga ezarriko die gaurtik aurrera EBk

Online erosketei hiru euroko zerga ezarriko die gaurtik aurrera EBk

Neurriak Txinako plataforma digitaletan izango du eragina batik bat

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 1a - 09:55
Eg. 2026ko uztailaren 1a - 10:01

Munduaren beste puntatik egunero gurera iristen diren milaka paketeek, Aliexpressekoek, Sheinekoek edota Temukoek, kasu, muga zerga berria izango dute: hiru euro ordaindu beharko dira gaurtik aurrera 150 euro baino gutxiagoko kostua duen edozein erosketa egitean. Zehazki, hiru euroko kargua izango du merkataritza plataforma elektronikoetan erositako produktu kategoria bakoitzak; alegia, bi galtza erosiz gero, hiru euroko zerga ordainduko da (kategoria bakarreko bi produktu direlako), baina galtza bat eta galtzerdi batzuk erosiz gero, sei eurokoa izango da (bi kategoria ezberdin direlako). 

 

Tasa, oro har, ez du azken kontsumitzaileak ordainduko, saltzaileak edo inportatzaileak baizik. Bruselak azaldu duenez, helburua da orain arte balio txikiko inportazio horiei mesede egiten zien zerga-salbuespena kentzea, merkataritza elektronikoaren ondorioz "zaharkitua" dagoen neurria dela iritzita.

Europar Batasunak emandako datuen arabera, 2024an 4.600 milioi pakete inportatu ziren merkataritza elektronikoaren bidez, aurreko urtean halako bi, eta %90 Txinatik iritsi ziren. Neurria edozein herrialdetatik datozen erosketei aplikatuko zaien arren, kostu txikiko Txinako plataformak izango dira kaltetuenak, merkaturatzen dituzten produktuen bolumenagatik. 

 

Oraingoz, tasa berria 2028ko uztailaren 1era arte egongo da indarrean. Gainera, azarotik aurrera, Europar Batasunak aurreikusten du aduana-sistema digital berri bat ezartzea eta aduana-kudeaketagatiko kargu gehigarri bat aplikatzea.