Oporretara joatean, zer nahiago: hotela, apartamentua edo kanpina? Badirudi erantzunak lo non egingo dugun besterik ez duela zehazten, baina aukeraketa horren atzean bada beste zerbait: oporretan dugun denborarekin zer egin nahi dugun [ikusi bideoa artikuluaren amaieran].
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Oporretara joateak berekin dakar erabakitzea gure eguneroko bizitzaren zein zati mantendu nahi dugun eta zein alde batera utzi. Apartamentu batek etxeko errutina batzuk mantentzeko aukera ematen digu; hotel batek, aldiz, urte osoan zehar guk geuk egiten ditugun zereginak eskuordetzeko parada ematen du. Finean, ostatu motak baldintzatu egiten du gure denbora librea zertarako erabiltzen dugun.
Etxe bat, etxetik kanpo
Etxetik ateratzea ez da eguneroko errutina guztiak atzean uztearen sinonimo. Ostatu berri eta ezezagun batera iristean, turistak espazio hori bere egiten hasten dira eguneroko keinu txikien bidez: maletak desegin, gelak antolatu, hozkailua bete edo lehen bazkaria prestatu. Horixe bera ondorioztatu dute Isabelle Frochotek, Dominique Kreziak eta Statia Elliotek oporren gainean egindako ikerketa batean. Ikertzaileek astebetez behatu zituzten eski-estazio batean ostatu hartu zuten turistak, egunero elkarrizketa sakonak eginez, espazio berrira pixkanaka nola egokitzen ziren aztertzeko. Azterlanak erakusten du oporretan sortutako errutinek lagundu egiten dutela aldi baterako ostatu ezezaguna espazio propio bihurtzen, eta horrenbestez, oporretako esperientzia hobetu egiten dutela.
Ostatua bi egoeren arteko zerbait bihurtzen da: eroso sentitzeko bezain etxekoa, baina etxetik kanpo gaudela gogorarazteko bezain desberdina
Paradoxa ere bada, ez delako etxea osotasunean erreproduzitu nahi izaten. Anna Pechurina soziologoak 2025ean argitaratutako ikerketa kualitatibo batek beste ikuspuntu batetik heldu zion gaiari. Pechurinak Airbnb plataformako erabiltzaileekin egin zuen azterlana, eta aztertu zuen ostalariek nola eraikitzen zuten etxe-sentsazio hori, eta, aldi berean, nola mantentzen zuten harekiko distantzia jakin bat. Izan ere, parte-hartzaileek eroso sentiarazteko elementuak bilatzen zituzten, baina aldi berean euren etxeekiko antzik ez zuten bizilekuak bilatzen zituzten, eta saihestu egiten zuten eguneroko praktika jakin batzuk errepikatzea. Ikertzailearen ondorioa zera da, “etxean bezala” sentitzeak ez duela esan nahi oporretan etxeko errutina guztiak errepikatu nahi izatea. Etxekotasuna, konfiantza nahi dugu, baina eguneroko errutinatik desberdina izatea nahi dugu bizitzen ari garen hori.
Hortaz, ostatua bi egoeren arteko zerbait bihurtzen da: eroso sentitzeko bezain etxekoa, baina etxetik kanpo gaudela gogorarazteko bezain desberdina. Hortxe hasten da erabakia, oporrak non pasa aukeratu behar dugunean: zenbat aldendu nahi dugu eguneroko bizitzatik?
Ordaintzea, ahalik eta gutxien egiteko
Aukeratutako ostatua zein den, zeregin batzuk alde batera uzten dira. Gosaria prestatzea, ohea egitea, garbitzea edo non eta zer jan erabakitzea errutinaren parte dira etxean. Hotel batean, lan horietako asko (guztiak ez esate arren) desagertu egiten dira, zerbitzu horiek beste pertsona batzuek egiten dituztelako gure ordez. Ordaintzen dena ez da hoteleko gela, horrek berariaz dakartzan zereginez ez arduratzea baizik. Oporren prezioaren zati bat da gauza jakin batzuk egin beharrik ez izatea.
Etxean, ohea egitea ez da erabaki ekonomikoa, ezpada errutinaren zati txiki bat. Hotel batean, ordea, egitekoak badu ekonomiarekin zer ikusirik, ordaindutakoaren parte den heinean. Gauza bera gertatzen da garbiketarekin, gosariarekin zein bestelako zerbitzuekin.
2025eko ekainean hoteletan ostatu hartu zuten pertsonek 264 euro gastatu zituzten opor egun bakoitzeko
Gauza horiek guztiak ordaindu egiten dira, ondo ordaindu ere. INE estatistika erakundeak argitaratutako datuek diotenez, 2025eko ekainean hoteletan ostatu hartu zuten pertsonek 264 euro gastatu zituzten opor egun bakoitzeko (ostatuaz gain egun osoko gastuak kontuan hartuta). Bestelako lekuetan lo egin zutenek (apartamentuak, kanpinak edota landetxeak) batez beste 170 euroko gastua izan zuten eguneko, hau da, eguneko 94 euro gutxiago. Horrek ez du esan nahi hotelek nahitaez garestiagoak izan behar dutenik, baina erakusten du ostatu hartzeko bi moduek eragina dutela kontsumo ohituretan, oro har gehiago gastatzen baitute hotelaren aldeko apustua egiten dutenek. Are gehiago, hilabete horretan bertan hoteletan 8.730 milioi euro xahutu zituzten turistek; gainerako ostatuetan laurdena (2.634 milioi euro) besterik ez.
Zenbateko horiek oinarri hartuta, ezin da ziurtatu gehiago ordainduz gero zerbitzu gehiago jasoko direnik, baina argi uzten dute erosten dena ez dela gauza bera. Hotel bateko gela batek eta kanpineko partzelak, biek ala biek balio dute oinarrizko beharra (lo egiteko tokia izatea) asetzeko, baina bidaiariaren esku geratzen diren lan eta erabaki kopuruak desberdinak izango dira. Hori bai, hotela aukeratzeak ez du zertan esan nahi pertsona horrek gauza gutxiago egin nahi dituenik, kanpin batean lo egiten duenak oporretan lan egitea bilatzen ez duen gisa berean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta