• EKONOMIA
  • Osakidetzako grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri dira

Osakidetzako grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri dira

Osakidetzako langileek greba deitua dute biharko eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Ospitaleetan, jaiegunetako ohiko langile kopuru berbera egongo da lanean

Osakidetzako greba deialdia urriaren 30erako deitua dago | Argazkia: ELA
Osakidetzako greba deialdia urriaren 30erako deitua dago | Argazkia: ELA
2026ko urriaren 29a - 16:04
Eg. 2026ko urriaren 29a - 16:13

Osakidetzan greba deitua dago biharko. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazioaren bitartez, lan-baldintzak arautzen dituen akordio berriaren negoziazioa eskatzen dute. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba egunerako.

 

Ospitaleetan, jaiegunetako ohiko langile kopuru berbera egongo da lanean. Ospitalean dauden pazienteen arreta eta larrialdi zerbitzuak bermatuko dituzte. Horretaz gain, ospitaletako janari banaketa eta zerbitzu horiek aurrera ateratzeko beharrezkoa diren garbiketa lanak ere.

Aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamenduak eta dialisi prozesu guztiak bermatuko dira %100ean. Atzeratu ezin diren gainerako prozedurak ere egingo dituzte. Horien artean, onkohematologiako eguneko ospitaleko jarduerak, hemodinamikak, iktus unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia, erditzeak eta Giza Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroaren jarduera dago.

 

Lehen Mailako Arretan larunbatetako ohiko zerbitzu bera emango dute, egun horretan lan egiten ohi duten langile kopuru berberarekin. Larrialdi zerbitzuek eta EAGek langileen %100 izango dituzte. Osasun erakunde integratuetako (OSI) telefono bidezko arreta zerbitzuetan aldiz, ohiko langileen %50 izango dira.

Sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordiok ez balego, abendurako greba deialdiak antolatu dira: abenduaren 9an grebak egingo dira Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan, eta abenduaren 14an beste jardunaldi bat egingo da Osakidetza osoan.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain