• EKONOMIA
  • Erosteko ahalmenaren galera kezka handia da Osakidetzako langileentzat

Erosteko ahalmenaren galera kezka handia da Osakidetzako langileentzat

ELAk egindako azterlanaren arabera, lan kargak eta jardunaldiak murriztea ezinbestekoa da

27.000 langileri eragiten die behin-behinekotasunak | Argazkia: ELA sindikatua
27.000 langileri eragiten die behin-behinekotasunak | Argazkia: ELA sindikatua
2025eko azaroaren 3a - 15:24

ELAk galdeketa bat egin die Osakidetzako 1.500 langileri, eta jasotako erantzunak oinarri hartuta, lehen irakurketa bat egin du eta zenbait gabezia identifikatu ditu. Sindikatuak esan duen arren datuak sakonago aztertuko dituela, hausnarketak partekatu ditu gaur. Izan ere, duela hamabost urte berritu ziren azken aldiz langileen lan baldintzak, eta akordioa lortzeko negoziazioek “ez dute aurrera egin”.

 

Emaitzen arabera eta alor ekonomikoari dagokionez, langileentzat “kezka handia” da erosteko ahalmenaren galera (galera metatua %20koa da), eta, horregatik, garrantzitsua zaie KPItik gorako soldata igoerak lortzea. Ildo beretik, “gaur egun dauden osagarri asko diskriminatzaileak direla” baieztatu du ELAk, “ez direlako kategoria guztietan eta egoera guztietan ordaintzen (txandak, guardia lokalizatuak…)”. Halaber, oraindik ere ordaintzen ez diren plusak daudela gogoratu du: “plus toxikoa, neke plusa, arriskutsua, joan etorriengatikoa, erantzukizun berezia…”. Hori guztia kontuan izanik, lanpostu bakoitzaren jardunaren berezitasunak kontuan hartzea eskatu du sindikatuak, bakoitzari dagokion soldata zehatza eskaintzeko.

Lanaldiari eta baimenei dagokionez, ELAk behin-behinekotasunaren aurka egin du, plantillaren erdiari baino gehiagori (27.000 langile) eragiten diolako eta zerbitzua eta lan baldintzak okertzen dituelako. Langileek lan karga handia dutela gaineratu du, “24 orduz lanerako prest egon beharra” salatu du, baita arrisku psikosozialen aurkako plangintza eza ere. Lanaldi murrizketak, formakuntza saioak eta kontziliaziorako baimenak ere ezinbestekotzat jo ditu sindikatuak.

 

Datu guztiak kontuan izanik, ELAk Osasun Sailari leporatu dio kategoria batzuetan langile gutxi egotea arazo larria dela, eta eskatu dio soldata eta erretiro aurreratua bezalako gaietan hobekuntzak egiteko, “lanpostu guztiak kontuan hartuta”. “Soilik zenbait kolektiborentzako hobekuntzak bermatzeak ez du lortuko Osakidetzaren eta plantillen arazo orokorra konpontzea”, esan du.