Besteak beste, aldaketak izango dira Basurtuko, Galdakaoko, Donostiako, Gurutzetako eta Txagorritxuko Osakidetzako ospitaleetan, EAEk jaso berri duen Europako mailegu bati esker. Imanol Pradales Lehendakaria Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuaren presidentearekin elkartu da gaur, eta Euskadi Health Care Programme izeneko akordio bat sinatu dute. Horri esker, Europak 500 milioi euroko mailegua emango dio Osakidetzari, azpiegiturak berritzeko eta modernizatzeko.
Europaren inbertsioa baliagarria da EAEk martxan duen 2025-2032 Osasun Azpiegitura eta Ekipamenduen Programa gauzatzeko, zeinaren baitan 1.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten den. Hortaz, Europak emandako maileguak azkartu egingo ditu inbertsio estrategikoak, baina hala ere, mailegua bi zatitan formalizatuko da, eta oraingoz 250 milioi jasoko ditu Osakidetzak.
Jaurlaritzak azaldu duenez, programaren bitartez zenbait eta zenbait proiektu egingo dira. Honakoak dira bereziki aipagarriak: Basurtu, Galdakao-Usansolo, Donostia, Gurutzeta eta Txagorritxuko unibertsitate-ospitaleak handitzea, modernizatzea eta eraberritzea, baita Debagoieneko, Zumarragako eta Bidasoako ospitaleetako jarduketak ere; Tolosako erreferentziazko ospitale berria; Durangoko Bereizmen Handiko Zentroa; eta minbiziaren tratamendu aurreraturako protonterapiaren ezarpena. Horrez gain, programak aurreikusten du 21 osasun-zentro berri eraikitzea, eta 11,3 milioi euro bideratzea kontsulta medikoen ekipamendua berritzera, digitalizazioa sustatzera eta baliabide teknologiko berriak gehitzera. Ospitale-arretan ere 842 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta giza baliabideei dagokionez, 2.000 plaza berri baino gehiago sortzea espero da.
Pradalesek zera esan du akordioa sinatu berritan: “Eragiketa honekin, funtsezko urratsa ematen dugu asistentzia-kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna indartzeko eta azpiegitura jasangarriagoak eta teknologikoki berrituagoak lortzeko, eraginkortasun energetikoa eta azken belaunaldiko ekipamendu medikoa bermatuta”.
