Gasteizko Osakidetzaren egoitzaren parean elkarretaratzea egin dute gaur goizean "euskararen eta gaztelaniaren parekatze progresiboa exijitzeko". Hain zuzen ere, Euskara Batzorde Korporatiboaren bilera izan dute gaur Osakidetzan, Euskara Plana ebaluatzeko helburuarekin. ELA sindikatuak salatu du oraindik ere erakundeak ez duela bermatzen herritarrek euskarazko arreta jaso ahal izatea. Era berean, gaineratu dute langileek ere euskaraz lan egiteko aukerarik ez dutela.
Euskararen eta gaztelaniaren arteko aldeak oroitarazi ditu sindikatuak: administrazio publikoko lanpostuen %100ean exijitzen da gaztelania, baina euskararen ezagutzarekin ez da gauza bera gertatzen. "Horrek desoreka egoera betikotzen du", nabarmendu dute. Bestalde, sindikatuak argi adierazi du Osakidetzaren Euskara Plana ez dela "tresna eraginkorra plantilla euskalduntzeko", eta horrenbestez, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela.
"Osakidetzako plantillaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, datozen urteetako erretiroak aukera paregabea dira administrazioa modu progresiboan euskalduntzeko, neurri traumatikorik hartu gabe", proposatu dute sindikatukoek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta