ELAk elkarretaratzea egin du gaur Osakidetzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, eta Jaurlaritzaren osasun sailari eskatu dio “euskal osasun publikoko langile guztien baldintzak” negoziatzea.
Sindikatuaren arabera, Osakidetzaren lan baldintzak arautzen dituen akordioak 17 urte daramatza berritu gabe, eta gai hori ez da mahai sektorialean negoziatzen ari, nahiz eta lehentasunezkoa izan beharko lukeen “osasun publikoaren egiturazko arazoei aurre egiteko”. Mahai sektorialaren bilera gaur bertan zen egitekoa.
Gauzak horrela, sindikatu abertzaleak uste du ez dagoela borondate politikorik lan baldintzak hobetzeko, eta hobekuntza horiek langile kategoria guztietarako eskatu ditu. “Kolektibo batzuk bakarrik hobetzeak ez du osasun sistemaren egoera konponduko, ezta herritarrei ematen zaien zerbitzuarena ere”, diote oharrean.
Behin-behinektotasun egoera, %20tik gorako erosahalmenaren galera, lan karga handiak, kontziliazio arazoak edo euskalduntze neurririk eza salatu ditu sindikatuak, besteak beste.
Era berean, udan ospitaleetan eta osasun-zentroetan tenperatura altuen ondorioz sortzen diren arazoak ere aipatu ditu sindikatuak. ELAren aburuz, aspaldiko arazoa da, eta ez da “konponbide eraginkorrik” ezarri.