Garaia 2024ko martxoan sortu zen Durangoko (Bizkaia) enpresa berria da. Osasun emozionalean arreta integrala eskaintzen du, ikerketa, prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta prestakuntza uztartuta. “Diziplinarteko talde bat gara; gizarte-hezitzaile eta gizarte-langileez, lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleez, pedagogia eta pedagogia terapeutikoko espezialistez eta psikologiako eta sexologiako profesionalez osatua”, azaldu du Ainhoa Lauzirika Garaiako zuzendariak.
Harrobi ziurtagiria urte honetako ekainean lortu zuten. “Enpresa sortu genuenetik argi geneukan gure zerbitzuen balore garrantzitsu bat euskara zela, eta balore hori emateko eta izateko ziurtagiria ateratzeko prozesuan murgildu ginen”, adierazi du Lauzirikak. Kasu honetan, nahiko "erraza" izan da prozesua aurrera eramatea, Garaia enpresa zerotik hasi eta lehen momentutik euskaraz sortu izan zutelako guztia.
Ainhoa Lauzirika: “Enpresa sortu genuenetik argi geneukan gure zerbitzuen balore garrantzitsu bat euskara zela"
Euskara enpresaren egunerokotasunean
Garaia enpresarentzat euskara ezinbestekoa eta oso garrantzitsua da, bai enpresaren eguneroko jardunean hizkuntza-eskakizunak betetzeko, bai erabiltzaileei eta erakundeei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Lauzirikak dioenez, horrelako ziurtagiri batek haien konpromisoa berresten du: “gure enpresan bezeroa sartzen den momentutik irten arte euskaraz aritu ahal izatea bermatzen dugu, eta hori oso balore garrantzitsua da guretzat”, esan du. Gaztelania beharrezkoa denean soilik erabiltzen da, eta helburua da zerbitzuak ahal den neurrian %100 euskaraz ematea.

Gainera, egunerokotasunean euskara oso presente dago; bai langileen arteko harremanetan, bai zuzendaritza-taldean hartzen diren erabakietan, bai haien eguneroko lanean, baita proiektuetan eta zerbitzuak ematean ere. Horrela, hizkuntza bera enpresaren jarduera guztietan modu naturalean txertatzen da.
Urrezko mailaren bila
Garaiaren ibilbidea oso naturala izan da; hala ere, aurreko lan profesionaletan euskara batzuetan oztopo gisa bizi izan zuten, eta, ondorioz, hori saihestu nahi izan dute haien enpresarako lan egiten hasi zirenetik. Horregatik, hasieratik kontuan izan dute euskara bakoitzaren eguneroko jardunean modu naturalean txertatzea, bai talde barneko komunikazioan, bai erabiltzaileekin eta proiektuekin lan egitean.
Euskararen kudeaketa oso praktikoa da: barne komunikazioak euskaraz egiten dituzte, dokumentuak eta bilerak barne. Langileen artean euskaraz hitz egitea sustatzen dute, nahiz eta hori momentu honetan era natural batean egiten den. Kanpora begira, bezero, hornitzaile eta erakundeekin aukera dutenean euskaraz aritzen dira. Dokumentuak ez dituzte inoiz gaztelania hutsean egiten; beti euskaraz sortzen dituzte, eta, behar izanez gero, gaztelaniara itzulpena gehitzen dute.
Ainhoa Lauzirika: “Gure enpresan bezeroa sartzen den momentutik irten arte euskaraz aritu ahal izatea bermatzen dugu"
Horrekin guztiarekin batera, euskararen erabilera neurtzeko aldizka jarraipen txikiak ere egiten dituzte. “Euskara bultzatzeko, gure aurkezpenak, programak, korreoak eta bestelako komunikazioak beti euskaraz egiten ditugu, eta behar izanez gero soilik egiten dugu itzulpena gaztelaniara”, argitu du Lauzirikak.
Hala ere, etorkizunari begira bi erronka dituzte taldean: alde batetik, enpresaren egunerokotasunean euskara sustatzeko erabiltzen dituzten estrategiak, nahiz eta jasota eduki, horiek modu txukun batean izatea, "Euskara planarekin", adibidez; beste alde batetik, ahal izanez gero eta epe ertainean, Harrobi ziurtagiriaren urrezko maila (goi mailako ziurtagiria) eskuratzea.