Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen lan-baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute Nafarroako Osasun Departamentuak eta bost sindikatuk (AFAPNA, LAB, SATSE, UGT, USAE). Akordioak 15 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du, eta gehiengo sindikalaren babesa badu ere, hainbat sindikatuk ez dute sinatu, besteak beste, Medikuen Sindikatuak, ELAk eta CCOOk.
Akordio honek Osasunbideko langile eta profesional guztiei eragingo die eta neurrien artean, 55 urtetik gorako langileak gaueko txandak egitetik salbuetsiko dira. Bestalde, gaur egun lanaldi murriztua duten langile finkoen lanaldia handitu egingo da, lanaldi osoko lanpostuetara iritsi bitartean horien baldintza ekonomikoak hobetzeko.
Astean 48 ordu baino gehiago egiten dituzten langileei, lanaldi arrunta eta osagarria konpentsatuko zaie eta horretarako, milioi bat euro bideratuko dira. Horrekin batera, guardien araudian hobekuntzak egingo dira, atsedenaldiak bermatzeko eta borondatez egiten diren guardien konpentsazioa hobetzeko.
Nafarroako Gobernuak akordio honen balorazioa egin du eta Nafarroako osasun sistema publikoa indartzeko bidea dela adierazi du. Osasuneko Intersindikalak balorazio positiboa egin du eta langileentzat hobekuntzak lortu dituztela adierazi dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta