• EKONOMIA
  • Ostalaritzako lan baldintzen analisi txiki bat

Ostalaritzako lan baldintzen analisi txiki bat

Hego Euskal Herriko lurraldeetan, ostalaritzako lan hitzarmenak hainbat ezaugarri komun dituzte, baita zenbait desberdintasun ere

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
izaro navas
Ekonomialaria
2025eko maiatzaren 22a
Eg. 2025eko maiatzaren 22a

Langile falta etengabeko kezka da ostalaritzan. Eskulan beharra dago eta egungo ostalaritzako lan baldintzak ez dira nahikoa langileak erakartzeko. Langileek ez dituzte lan egonkortasun eta baldintza egokiak aurkitzen bertan.

 

Gainera, lan hitzarmena betetzen duten establezimenduak dauden arren, badira hori betetzen ez dituzten beste batzuk. Langileen salaketa eta kexak ohikoak dira, baina asko beldur dira errepresaliaz eta lana galtzeaz. Segurtasun eza eta lan baldintza txarrak salatzeari beldur izateak sindikatuen lana zailtzen du. Inspekzio eraginkor faltaren ondorio ere izan daiteke, lan prekaritatea areagotuz. Hori horrela, garrantzitsua da lan hitzarmen horien gainean esaten dena aztertzea.

Zentzu horretan, sinatutako azken hitzarmen kolektiboa 2025-2027 Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmena da, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin 2025eko martxoan adostutakoa. Hitzarmen horren arabera, 2025eko martxotik aurrera soldatak %15,5 igoko dira, hurrengo urteetarako KPIari lotutako igoera gehigarriak izango ditu, eta urteko lanaldia 1.746 ordura murriztuko da.

 

EAEko ostalaritza lan-hitzarmena

Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritzako azken akordio kolektiboa 2021-2023ko Ostalaritzako II. Esparru Akordioa da. 2023ko abenduaren 31ra arte egongo zen indarrean, eta aurka egin ez zaionez, automatikoki luzatuko zen, Langileen Estatutuaren 86. artikuluaren arabera.

Aurreko hitzarmenaren alderatuta, hobekuntzak izan dira. Probintziako hitzarmenei lehentasuna ematen zaie. Alegia, akordioak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ostalaritzako probintziako hitzarmen kolektiboen aplikazioa indartzen du, estatu edo autonomia mailako beste akordioen gainetik.Horrek esan nahi du probintzia horietarako berariaz hitzartu diren hitzarmen kolektiboak lehentasunez aplikatzen direla estatuko (Espainia osoko) edo autonomia-erkidegoko (Euskal Autonomia Erkidego osoko) eremu bereko beste edozein hitzarmenen aurretik. Hau da, probintzia mailan adostutakoak gehiago agintzen du maila orokorragoan hitzartutakoak baino, biek gai berak jorratzen badituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritzako azken akordio kolektiboa 2021-2023ko Ostalaritzako II. Esparru Akordioa da

Garrantzitsua da nabarmentzea esparru-akordioak probintziako hitzarmenen nagusitasuna ezartzen duen arren, ez duela ezartzen ez soldata-igoera zehatzik, ez beste lan baldintzarik. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza sektoreko egungo lan eta soldata baldintzak lurralde bakoitzean indarrean dauden probintziako hitzarmenen araberakoak dira.

Lan baldintzen erregulazio mugatua dago. Lurraldeetako hitzarmenen nagusitasuna indartzen bada ere, akordioak ez du hobekuntza nabarmenik sartzen autonomia mailako lanaldian, atsedenetan, prestakuntzan edota lan osasunean, besteak beste. Bestalde, ez du aurreikusten lan legedian izan daitezkeen aldaketetara automatikoki egokitzea, eta horrek etorkizunean desorekak sor ditzake.

Laburbilduz, II. Esparru Akordioak probintziako hitzarmenen egonkortasuna eta nagusitasuna hobetzen ditu, baina gabeziak ditu lan baldintzen eguneratzean eta legeetan izan daitezkeen aldaketetara egokitzerako garaian.

Gipuzkoako ostalaritzako lan-hitzarmena

Hitzarmenaren helburua langileei lan eskubideak eta baldintzak bermatzen dituen arau-esparrua ezartzean datza, baita ostalaritzaren egonkortasun eta garapena ematea ere. Hitzarmena 2010 urtetik geldirik zegoen, 13 urte ondoren, 2023 urtean eguneratu zen eta indarrean egongo da 2027ra arte. Ostalaritza sektoreko langile eta enpresa guztiei eragiten die. Horren barruan sartzen dira hotelak, jatetxeak, kafetegiak, tabernak eta ostalaritzarekin lotutako bestelako negozioak.

Lan baldintza, eskubide eta betebeharrei dagokionez, urteko benetako 1.723 lan ordu ezartzen ditu, gehienez ere. Ostalaritzako hitzarmen honek dakartzan hobekuntza ekonomikoen artean, nabarmentzekoa da 2010eko soldata taulen gaineko soldataren %12ko igoera, 2023ko martxoaren 1etik aurrera kontatua. Hala, kategoria baxuenak 1.244 euro gordin kobratzen ditu hilean 14 ordainsaritan, eta altuenak, 1.556 eurotik 1.743 eurora. 2024tik 2026ra bitartean, KPIa gehi hiru puntuko igoera izango da urte bakoitzeko, eta gehienez %6 urtean.

Hitzarmena 2010 urtetik geldirik zegoen, 13 urte ondoren, 2023 urtean eguneratu zen eta indarrean egongo da 2027ra arte

Langileek urtean 30 egun naturaleko oporraldia izateko eskubidea dute, eta horietatik 26 lanegunak izanen dira. Enpresan lanean urtebete egin ez duen langileak lanean hasi den urtearen barnean dagokion zati proportzionala hartzeko eskubidea du. Enpresek urtean hiru hilabeteko epea ezarri dezakete, zehatz-mehatz adieraziak, oporrak hartu ahal izateko.

iStock 1349786683
Donostiako taberna batean kanpoaldea | iStock

Arabako ostalaritzako lan-hitzarmena

Arabako Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboa berritze prozesuan dago gaur egun, aurreko akordioa 2020an amaitu baitzen. SEA Ostalaritza patronalak eta ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek bilera ugari egin arren, negoziazioek ez dute behin betiko adostasunik lortu. Patronalaren azken proposamena, 2024ko azaroan aurkeztua, sindikatu guztiek atzera bota zuten, funtsezko alderdietan nahikoa ez zelako.

Aurreko hitzarmenaren ezaugarriei dagokionez, urteko lanaldia 1.734 ordutan zehazten du asteko atseden-egunak bi egun dira jarraian ostatatze-enpresetako langileentzat, eta 1,5 egun sektoreko gainerako langileentzat, hilean gutxienez asteburu libre batekin. Aldi Baterako Ezintasun (ABE) osagarriak direla eta, aldi baterako ezintasunagatiko osagarria soldataren %100ekoa da bajaren lehen egunetik. Urteko egutegi erreal bat ezartzen zen kontziliazioa errazteko.

Patronalaren azken proposamena, 2024ko azaroan aurkeztua, sindikatu guztiek atzera bota zuten, funtsezko alderdietan nahikoa ez zelako

Patronalaren proposamena eta gatazka puntuak, ordea, asko dira. SEA Ostalaritzak 2024ko azaroan aurkeztu zuen proposamenak honako hauek jasotzen zituen:

  • Soldata igoera ezartzea: %11,5 2024an, %2,5 2025ean eta %2 2026an, KPIarekiko loturarik gabe.
  • Aparteko ordainsaria: 2.000 euro sektoreko langile guztientzat.
  • Lanaldi murrizketa: 2 ordu urtean 2025etik aurrera.
  • Lizentziak eta baimenak: lizentzia eta baimen ordainduak gehitzea, Langileen Estatutuaren 37. artikuluko kasu berriak sartuz.
  • ABE osagarriak: 30 egun baino gutxiago irauten duten bajen osagarriaren murrizketa.

Sindikatuek proposamen hori atzera bota zuten, gutxiegi zela iritzita, eta lan eskubideetan izandako murrizketengatik, bereziki ABEren osagarrian.

Gaur egun, negoziazioak geldituta daude eta ez dute data berririk jarri berriro hitz egiteko. Bien bitartean, aurreko hitzarmenak indarrean jarraitzen du, baina eguneratze ezak dakartzan erronkekin.

Bizkaiko ostalaritzako lan-hitzarmena

Bizkaiko ostalaritzako azken akordio kolektiboa 2025-2027 Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboa da, 2025eko martxoan ELA, CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko patronalarekin sinatu zutena. Hitzarmen horrek 26.000 langile ingururi eragiten die, eta hobekuntza nabarmenak ezartzen ditu hainbat lan arlotan.

Funtsezko soldatari dagokionez, igoera eman da: %15,5eko soldata-igoera 2025eko martxotik aurrera; KPI +%0,5 2026an; KPI +%1,6 2027an. Soldata igoera horrek 2020tik erosahalmenaren galera berreskuratzea du helburu. Lanaldiaren murrizketa eman da: urteko lanaldia lau ordu murriztuko da. Gehienezko lanaldiari eragiten dioten lege-aldaketak izanez gero, gainera, automatikoki aplikatuko dira. Ordutegi-kontrol digitala inplementatzea bilatzen da. Enpresa guztiek, baita bost langile baino gutxiago dituztenek ere, nahitaez erregistratu beharko dute lanaldiaren erregistro telematikoa.

Janari-banatzaileak hitzarmenean sartu dira, 5. kategorian dira eta 60 euroko arrisku-plusa dute lanaldi osorako. Lan-prekarietatearen aurkako babesa ere garatu da: lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak ugaltzea eragozten da, sektoreko enpleguaren prekarizazioa saihestuz.

Janari-banatzaileak hitzarmenean sartu dira, 5. kategorian dira eta 60 euroko arrisku-plusa dute lanaldi osorako

Hala ere, akordioak baditu gabeziak eta hobetu daitezkeen alderdiak, lanaldi-murrizketa mugatua da, izan ere, urtean lau ordukoa baino ez da, eta hori ez da nahikoa beste sektore batzuekin alderatuta. Kolektibo zaurgarrientzako neurri espezifikoen falta ere bada, janari banatzaileak barne hartzen badira ere, ez da aipatzen sektorearen barruan zaurgarriak diren beste kolektibo batzuentzako hobekuntza espezifikorik.

Laburbilduz, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmen kolektibo berriak hobekuntza nabarmenak dakartza soldatei, lanaldiaren murrizketari eta janari-banatzaileen lan baldintzei dagokienez. Hala ere, gabeziak ditu kolektibo zaurgarriei arreta ematean eta ondorengo urteetan lan-baldintzak eguneratzean.

iStock 154312654
Argazkia: iStock

Nafarroako ostalaritzako lan-hitzarmena

Nafarroako Ostalaritzako 2022-2025 Hitzarmen kolektiboa UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten AEHN patronalarekin batera, eta 2023ko urriaren 10ean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO). Hitzarmen honek Nafarroako Foru Komunitateko 20.000 langile ingururi eragiten die. Indarraldia amaitutakoan, hitzarmenak aplikagarritasunari eutsiko dio, harik eta beste hitzarmen berri batez ordezkatzen den arte.

Hitzarmenak hobekuntza handiak ekarri zituen. Soldata igoerak ezarri zituen: %4 2022an eta 2023an; %3 2024an eta 2025ean. Berrikuspenarekin, izan ere, KPI metatua %14tik gorakoa bada, %17ko mugarekin. Soldata-atzerapenak erregulatu zituen: 600 euroko paga lineala lanaldi osorako, 2022an eta 2023tik irailera arteko soldata-aldeengatiko konpentsazioa. Lanaldiaren kontrola ere ezarri zuen hamar langile edo gehiagoko enpresetan fitxaketa digitaleko sistemak ezartzeko betebeharra jarriz.

Lanaldiaren kontrola ezarri zuen Nafarroako hitzarmenak, hamar langile edo gehiagoko enpresetan fitxaketa digitaleko sistemak ezartzeko betebeharra jarriz

Bestalde, prestakuntza plusa ezarri zen hilean hogei eurokoa enpresan prestakuntza-planik ez duten langileentzat. Eta hizkuntzen plusa hilean 30 eurokoa B2 titulua bi hizkuntzatan duten harreragileentzat. Antzinatasuna ere aitortzen da, lanbide-kategoriari eutsiko baitzaio sektorearen barruan enpresaz aldatzean.

Gabeziak eta kritikak ere nabarmenak dira hitzarmenean, izan ere, hitzarmenak ez zituen sindikatu batzuen sinadurarik lortu: ELAk eta LABek atzera bota zuten hitzarmena, langileentzat hobekuntza nahikorik ez zuela jasotzen argudiatuta. Enpresa txikietan izan dezakeen eragina ere nabarmena izan daiteke. Nafarroako Ostalaritzako Enpresari Txikien Elkarteak (ANAPEH) adierazi zuen hitzartutako soldata igoerak arriskuan jar zezakeela sektoreko enpresa askoren bideragarritasuna.