Pandemiagatik negoziak itxi eta zabaldu aritu ziren ostalariak, eta horrek sektorean izan zitzakeen kalteak ostalarien zein erakunde eta herritarren ahotan izan ziren ia bi urtez. Eustatek iragarri berri ditu 2020ko datuak, eta pandemiak sektorean eragindakoak agerian utzi ditu: ostalarien negozio zifra ia erdira murriztu da, % 47,4ra hain zuzen ere. Urte hartan 2.371 milioi euroko fakturazioa izan zuen; 2019an, ordea, 4.510 milioi eurokoa izan zen.
Aldagai gehienek jaitsiera nabaria izan zuten urte hartan. Ekitaldiko emaitza jaitsi da gehien, eta negatiboan bukatu du (74,3 miloi euro). 2019an 180 milioi eurokoa zen zifra hori, beraz, jaitsiera % 141,2koa izan da. Horrekin batera langile kostuek % 43ko beherakada izan dute, eta faktore kostuetako balio erantsi gordinak % 52koa. Azkeneko datu honek ustiapen jarduerari lotutako diru sarrerei egiten die erreferentzia.
Gutxien jaitsi direnak dira establezimendu kopurua (% 1,4) eta enplegu doikuntza (% 5,6). Izan ere, 2020an 60.519 lagun aritu ziren lanean ostalaritza sektorean, 13.523 establezimendutan.
Hotelen sektorea, kaltetuena
Ostalaritzaren barruan, bi atal bereizten dira: janariak eta edariena —jatetxeak, edari zerbitzuak, eta beste janari zerbitzu batzuek osatutakoa—, eta ostatu zerbitzuena —hotelek eta beste ostatu batzuek osatutakoa—. Kalterik nabarmenenak bigarren honek pairatu ditu. Izan ere, itxialdi perimetralengatik lekualdatze gutxiago izan ziren, bai turismoari, bai lanari dagokionez. 2020an 267 milioi euro inguru fakturatu zituen sektoreak, aurreko urtean baino % 60,6 gutxiago, 411 milioi gutxiago, alegia. Establezimendu kopuruak apur bat egin zuen gora (% 1,6), kanpin, apartamentu eta abarrei esker, baina enplegua gutxitu zen, % 13,4.
Janari eta edarien sektorean negozio zifra 2.104 milioi eurokoa izan zen 2020an, aurreko urtean baino 1.700 milioi euro gutxiago. Hala ere, emaitza positiboa izan zuen bukaeran, 4,4 milioi eurokoa,nahiz eta aurreko ekitaldikoa baino % 96,3 txikiagoa izan.
Lurraldeka, hiruetan ikusi daiteke beherakada, baina enplegu jaitsiera nabarmenena Arabak izan zuen, % 6,8koa. Bizkaian % 5,8koa izan zen beherakada, eta Gipuzkoan % 5ekoa. Salmentek ere behera egin zuten hiruetan: Araban %49,4; Bizkaian % 45,8 Gipuzkoan % 48,8;