Lurrama laborantza jasangarriaren aldeko 21. edizioa ostiral honetan hasiko da Biarritzeko Irati erakustazokan. Hiru egunez, Ipar Euskal Herriko baserri handienak harremanak sortu eta indartuko ditu barnealdean lan egiten duten nekazarien eta Lapurdiko kostaldean bizi diren milaka kontsumitzaileen artean.
Ura izanen da aurtengo Lurrama azokaren gai nagusia. “Duela 15 urte gai hori jorratu genuen jadanik, baina orain ere garrantzi handikoa dela argi dago. Gai hori joan den udaberrian hautatu genuen berriz eta joan den udan jasan genituen beroteek arrazoi eman digutela begi bistakoa da”, dio Delia Delanne Lurramaren koordinatzaileak. Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkartearen inguruan ehunka laguntzailek prestatzen duten azokaren ondoan, mintzaldiak ere eskainiko dituzte, besteak beste, urari eta klima aldaketari buruz. Ura eskastearen arriskuaz ere ohartaraziko dute Lurraman. Aurtengo gazaita Gilles Boeuf biologoa eta ozeanografo frantziarrak gai horri buruzko mintzaldi gogoeta eskainiko du larunbatean 11:00etan.
Bioaniztasunari buruzko hitzordu handiaren gonbidatu nagusia Ardèche departamendua izanen da aurten. “Frantzia hego ekialdean dagoen lurralde hori hobeki ezagutzeko hiru egun pasa ditugu han duela gutxi. Baionatik zazpi oren ematen ditugu hara joateko. Hango laborariak aski dinamikoak dira eta biziki motibatuak daude orain Euskal Herrira etortzeko. Abere hazkuntza egiten dute, ahuntz gasna sormarkarekin ekoizten ere, mahastien eta gaztainondo ezagunen ondoan”, azpimarratu du Delannek.
Asteburu osoan Miarritzeko Irati erakustazokan Ipar Euskal Herriko ekoizpen hoberenak erakutsiko dizkiete milaka bisitariei, horien artean, Ezpeletako piperraren, Kintoako urdaiazpikoen, Ossau-Irati gasnaren eta Irulegiko arnoen sormarketan dauden produktuak. Lehen sektoreak Ipar Euskal Herriko aktiboen %12 biltzen du eta klima aldaketarengatik etengabe egokitu behar dute. Lurraman, 80 abere eta tokiko ekoizpenen merkatuaren ondoan, gastronomia lehiaketak antolatu dituzte, euskara ikasteko tailerrak, haurrentzat jokoak eta arratsetan kontzertuak ere eskainita, besteak beste, Frikun, Ezpalak, Leinua txaranga eta Kontrabanda taldeekin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta