• EKONOMIA
  • Urtarrilean baino industria produkzio handiagoa izan da otsailean Hego Euskal Herrian

Urtarrilean baino industria produkzio handiagoa izan da otsailean Hego Euskal Herrian

Iaz baino %6,0 gutxiago ekoitzi da aurten Nafarroan, baina %0,5 gehiago EAEn

 Produkzio gorakada handiena paperaren, zuraren eta altzarien sektorean izan da Nafarroan | Argazkia: iStock
Produkzio gorakada handiena paperaren, zuraren eta altzarien sektorean izan da Nafarroan | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 4a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak gaur argitaratu ditu industria produkzioari buruzko otsaileko datuak, atzo Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egin zuen bezala. Hego Euskal Herrian urtarrilean baino produkzio handiagoa izan da, baina joera ez da berbera izan Nafarroan eta EAEn aurreko urteko epe berari dagokionez.

 

Izan ere, urtebetean %6,0 beheratu da industria produkzioa Nafarroan, eta EAEn, ordea, %0,5 handitu da. Arestian esan bezala, urtarrilaren aldean ekoizpena gehitu egin da, bai Nafarroan (%7,5), baita EAEn ere (%0,2).

Urte arteko Nafarroako beherakada hori sektoreka aztertuz gero, ikus daiteke jaitsiera batik bat industria metalikoei dagokiela, iaz baino %11,9 gutxiago ekoitzi baita. Produkzio gorakada handiena paperaren, zuraren eta altzarien sektorean izan da Nafarroan, zehazki, %11,9koa. EAEren kasuan, urtebetean gehien hazi den sektorea materiala eta tresna elektrikoena izan da (%5,9), eta, aldiz, gehien beheratu dena metalurgia eta produktu metalikoena (-%5,2).

 

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, alor guztietan beheratu da produkzioa aurreko epe beraren aldean Nafarroan: kontsumo ondasunak %3,5 (iraunkorrak %5,2 eta ez-iraunkorrak %3,4); ekipo ondasunak %12,1; bitarteko ondasunak %0,4; eta energia %4,4.

EAEko produkzioa ondasunen helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta azter daiteke produkzioaren gorakada soilik kontsumo ondasunei dagokiela, hots, %3,2 hazi da (iraunkorrak %1,1 eta ez-iraunkorrak %3,7); izan ere, gainerako alorretan produkzioa txikiagoa izan da iaz baino: ekipo ondasunak %0,8; bitarteko ondasunak %3,0; eta energia %5,7.