Otsaila hilabete ona izan da Hego Euskal Herriko enpresen esportazioentzat. Hala baieztatu dute Eustatek eta Nastatek, Euskadi eta Nafarroako estatistika erakundeek, hurrenez hurren, emandako datuek.
Bizkaia izan zen otsailean gehien esportatu zuen lurraldea: 1.035,3 milioi euro. Nafarroako enpresek, berriz, 892,1 milioi euro esportatu zituzten, Gipuzkoak 756,1 milioi eta Arabak 739,2 milioi.
Urte arteko datuei dagokienez, Nafarroako enpresen esportazioek izan zuten hazkunderik apalena, % 17,3koa, hain zuzen. Gipuzkoan gorakada % 28,2 izan zen, eta Araban % 18,5. Hazkunderik handiena Bizkaian izan zen, % 33,1koa. Petronorren jardunak eta petrolioaren prezio altua dira horren arrazoi, bertan gehitu dira esportazio energetikoak gehien, %105,1. EAEko esportazioen zifra inoizko bigarren onena izan da.
Frantzia da Hego Euskal Herriko esportazioen hartzaile nagusia, eta hara bideratu da EAEko esportazioen % 27,9 eta Nafarroakoen % 5,4. Aldiz, Nafarroatik Alemaniara egindako esportazioek egin dute gora gehien, % 28,3. EAEren kasuan, Herbeeretara esportatutakoa hazi da batik bat, % 206,2.
Inportazioak ere gora
Nabarmentzekoa da inportazioen datua, asko handitu baita, energia kostuen garestitzea dela medio. EAEn % 50,8 hazi ziren inportazioak, produktu energetikoen % 72,7ko eta ez-energetikoen % 45,5eko igoeraren ondorioz. Energiaren afera argi islatzen da inportazioen jatorrietan: orain arte Errusia eta Argeliatik inportatu izan bada gas gehien, hilabete horretan AEBetan jatorria duten inportazioak % 54,7 handitu dira, batez ere gasarenak. Horren adibide da Zierbanako Bahia de Bizkaia Gas (BBG) enpresaren instalazioetara datorren gas natural likidatuarena (GNL), AEBtik datorrena nagusiki, itsasontziz. Dena den, Errusiari ezarritako isunen eragina oraindik ez da erabat igarri, bertatik inportatutako ondasunak % 37,2 igo baitira. Datozen hilabeteetan, espero daiteke AEBtik datozen GNLen inportazioak handitzea.
Inflazio altuak kanpo-merkataritzaren zifrak puztu ditu, baina eragina askotarikoa izan da Nafarroan eta EAEn. Lehenengoan, balantza komertziala % 3,2 handitu bada ere, bigarrenean okerrera egin du, % 33,9, zehazki. Desoreka hori energia-kostuen gorakadarekin lotuta dago eta Bizkaiko balantza komertzialak 163,4 milloi euroko defizita eragin du, lurralde horretan Petronor eta BBG enpresek duten jardunaren ondorioz.