• EKONOMIA
  • Pandemia aurreko enpresa kopurura gerturatzen ari da EAE

Pandemia aurreko enpresa kopurura gerturatzen ari da EAE

Irailean 1.178 enpresa berrik eman dute izena Gizarte Segurantzan. Dena den, 2020ko otsailean baino 900 enpresa gutxiago daude oraindik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Bestalde, EAEko industriaren ezaugarri nabarmenetako bat sektoreen kontzentrazio-maila altua da | Argazkia: iStock
Bestalde, EAEko industriaren ezaugarri nabarmenetako bat sektoreen kontzentrazio-maila altua da | Argazkia: iStock
2023ko urriaren 16a - 12:14
Eg. 2023ko urriaren 16a - 12:19

Confebaskek gaur argitara eman dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abuztuan baino 1.178 enpresa gehiago daude irailean. 2017tik irailean izan den daturik onena da, eta denera 57.995 enpresa daude izena emanda Gizarte Segurantzan.

 

Urte arteko alderaketa eginez gero, 282 enpresa gehiago daude aurtengo irailean, eta %0,7ko igoera izan da. Hamalau hilabetez segidan urte arteko tasan beherakada izan ostean, bigarren hilabetez hazi da orain.

Gerturatzen ari bada ere, pandemia aurreko kopuru berreskuratu gabe jarraitzen du EAEk. 2020ko otsailean baino 900 enpresa gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %1,5 gutxiago, hain zuzen. Halere, pandemian galdutako %57 berreskuratu dela azaldu du Confebaskek.

 

Sektoreka, industriak izan du beherakada nabarmenena (%4,6). Pandemia aurretik baino 301 enpresa gutxiago daude gaur. Zerbitzu arloko enpresa kopuruak aldiz, %2,1 egin du behera, eta 953 enpresa gutxiago daude. Eraikuntza sektorean, 2020ko otsailean baino 70 enpresa gehiago daude.

Autonomoei dagokionez, irailean 327 autonomo berri zenbatu dira, eta denera 166.535 daude. Hori bai, pandemia aurretik baino 3.709 gutxiago daude oraindik (%2,2ko beherakada).

Azkenik, hartzekodunen konkurtsoa dauden EAEko enpresak 77 izan dira 2023ko bigarren hiruhilekoan, iazko epe berean baino %35,1 gehiago.