Pandemia aurreko jardun ekonomikoa gainditu dute Bizkaiko enpresek

Orkestrak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egindako txostenaren arabera, lurraldea atzerriko kapitala erakartzeko posizio onean aurkitzen da

Maria Jose Aranguren, Elixabete Etxanobe, Ainara Basurko eta Ivan Marten | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Maria Jose Aranguren, Elixabete Etxanobe, Ainara Basurko eta Ivan Marten | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

"Bizkaiak krisien aurrean duen erresilientziak bere posizionamendua hobetu du, lehiakortasun ekonomikoari eta ongizateari dagokienez". Horrela dio Orkestrak Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako Bizkaiko Lurralde Historikoaren Lehiakortasunari buruzko Diagnostikoa 2023  txostenaren bigarren edizioak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuarekin, eta Ivan Marten eta Maria Jose Aranguren Orkestrako lehendakari eta zuzendari nagusiarekin bildu da gaur ikerketa horren ondorioak aztertzeko. Topaketaren ondoren, Etxanobek honakoa azpimarratu du: "Enpresen lehiakortasuna hobetzeaz gain, Bizkaian ezarritako gizarte-babeseko politikei balioa eman nahi diet, ezberdintasun ekonomikoak murriztu egin dituztelako, testuinguru globalean aldaketa garrantzitsuak gertatu diren arren". 

Besteak beste, demografia eta klima-erronkei aurre egiteko lurraldearen indarrak kapitalizatzea gomendatzen du txostenak, hala nola, merkataritza-zerbitzu aurreratuetan espezializatzea, pertsonen etengabeko ikaskuntza, ezagutza zientifikoa sortzea eta erakundeekiko konfiantza.

Ondorio nagusiak

Txostenaren bigarren edizioak 2020ko krisiaren eragina eta ziurgabetasuneko beste elementu batzuk aztertzen ditu, eta lau bloke nagusitan laburbiltzen ditu ondorioak: testuinguru estrukturala, enpresen emaitza ekonomikoak, ongizatearen dimentsioak eta lehiakortasunareko palanka dinamikoak.

Lurraldeak duen testuinguru estrukturalari dagokionez, Bizkaiak biztanleria-dentsitate handia eta zahartze-tasa handiak ditu. Hala ere, txostenaren arabera, "industriaren eta zerbitzu aurreratuen baterako balio erantsi gordinak joera positiboa izaten jarraitzen du, eta krisiaren aurretik baino balio hobeak ditu".

Bizkaiko enpresen emaitza ekonomikoei erreparatuta, pandemiaren aurreko jardun ekonomikoaren mailak berreskuratu ez ezik, gainditu ere egin dira, eta lehiakortasun ekonomikoari dagokionez, lurraldea erresilientea dela ondorioztatu du ikerketak. Era berean, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainek aurrera egin dute berrikuntzan.

Bizkaiko enpresen emaitza ekonomikoei erreparatuta, pandemiaren aurreko jardun ekonomikoaren mailak berreskuratu ez ezik, gainditu ere egin dira

Txostenaren arabera, "Bizkaiak ezberdintasun ekonomikoak murriztea lortu du, eta agerian utzi du gizarte-babeserako ezarritako politiken garrantzia". Susperraldi hori enpleguaren emaitza onetan ere ikusten da, krisi handiaren aurretik baino hobeak baitira. Lurraldeko beste indargune bat ikaskuntza da. Lurraldearen kokapena etengabeko ikaskuntzako jardueretan eta goi-mailako ikasketak dituzten pertsonen generoaren araberako banaketan nabarmentzen baita.

Azkenik, finantzaketa-palankan, nabarmentzekoa da lurraldeak atzerriko kapitala erakartzeko duen posizioa eta bilakaera, alderdi horrek enpresa-hazkundea eta berrikuntza errazten baititu. Lurraldean ezagutza-zentroak kontzentratzeari esker ezagutza zientifikoa sortzea eta ingurumen-teknologien patenteak gauzatzea aktibo garrantzitsua dira trantsizio berdeari aurre egiteko, txostenaren arabera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK