Gizarte Segurantzan 57.634 euskal enpresa zeuden izena emanda otsailean, aurreko hilean baino 177 enpresa gehiago. Hala ere, 2022ko otsailean baino 208 enpresa gutxiago dira, (-%0,4), eta aldea are handiagoa da 2020ko otsailarekin alderatuz gero, pandemia hasi aurreko garai horretan baino 1.259 enpresa gutxiago daudelako orain (-%2,1). Halaber, kontuan izan behar da, pandemian galdutako enpresen %40 berreskuratu dela.
Datu horiek Confebaskek joan den otsailean enpresa kopuruaren bilakaerari buruz egindako azken txostenean bildu dira. Txostenean ikus daitekeenez, sektoreka, otsailean hazi egin da eraikuntzako eta zerbitzuetako enpresen kopurua, eta murriztu industria sektorekoena.
Hala, jaitsierarik handienak industrian izan dira (-%3,7 eta 243 enpresa gutxiago), ondoren zerbitzuetan (-%2,1 eta 976 enpresa gutxiago), eta eraikuntzan 2020ko otsailean baino 32 enpresa gehiago daude, % 0,6 gehiago.
Lurralde historikoen arabera, otsailean enpresa kopuruak gora egin zuen hiruretan, baina nabarmenago Bizkaian eta Gipuzkoan. 2023ko otsaila pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuz gero, enpresen beherakada handiena Araban izan dela ikus daiteke (-%3,2, 312 enpresa gutxiagorekin), gero Bizkaian (-%1,9, eta 584 enpresa gutxiagorekin), eta, azkenik, Gipuzkoan (-%1,1 eta 233 enpresa gutxiagorekin).
Autonomoak ere behera
Confebaskek bildutako datuek Euskadiko autonomoen egoera ere zehaztu dute, eta horiek ere ez dira bereziki pozgarriak. Guztira, 24 autonomo gehiago izan dira aurtengo otsailean, 167.845 guztira, pandemiaren aurreko urteetan baino 2.400 gutxiago. Datu horiek % 1,4ko beherakada ekarri dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta