• EKONOMIA
  • Donostiako Parke Teknologikoa handitzeko urrats berria eman du Udalak

Donostiako Parke Teknologikoa handitzeko urrats berria eman du Udalak

Udalak 1,3 milioi euroko obra kontratatzeko espedientea onartu du, Illunberako sarbideak hobetzeko helburuarekin

Argazkia: Donostiako Parke Teknologikoa
Argazkia: Donostiako Parke Teknologikoa
2026ko ekainaren 2a - 13:32
Eg. 2026ko ekainaren 2a - 15:45

Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak Illunben eraikiko den biribilgune berriaren obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Proiektuak 1.319.686 euroko aurrekontua izango du, eta lanak sei hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da. Azpiegitura berria Miramongo Parke Teknologikoaren zabalkuntzarekin lotuta dago, Illunbe inguruko jarduera ekonomikoaren hazkundeari erantzuteko.

 

Jon Insausti alkatearen esanetan, Udalaren helburua zientzian eta berrikuntzan oinarritutako jarduera ekonomikoa indartzea da. Horren harira, Miramongo Parke Teknologikoaren hedapena lehiakortasuna sendotzeko estrategiaren barruan kokatu du. Alkateak azaldu duenez, gaur egun parkeak 200 enpresa baino gehiago eta 6.500 langile biltzen ditu, eta urte amaierarako bioteknologiaren arloko hub berri bat martxan jartzea aurreikusten da Illunben.

Proiektuaren arabera, hamaika metroko barne-erradioa izango duen biribilgunea eraikiko da, eta egungo malda %3ra murriztuko da. Jakinarazi dutenez, aldaketa horiek Illunberako sarbideetan trafikoa arintzea ahalbidetuko dute, jarduera handitzen den neurrian. 

 

136 lanpostu publiko berri Udalean

Bestalde, Gobernu Batzordeak 136 lanpostu publikoren deialdia ere onartu du. Plazak hainbat kategoriatan banatuko dira, besteak beste administrazio orokorreko teknikarientzat, gizarte-langileentzat, suhiltzaileentzat, mugikortasun agenteentzat, arkitektoentzat eta obra publikoetako teknikarientzat. Deialdien xehetasunak, baldintzak eta izena emateko epeak laster argitaratuko dira bide ofizialen bidez. Udalaren arabera, neurriaren helburua udal zerbitzuak indartzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzea da.