
Baionako eta Pasaiako portuek lankidetza estrategikoari ekin diote. Izan ere, Baionako Portu Sozietateko ordezkaritzak, Pascal Marty presidentea buru izanik, Pasaiako portua bisitatu du, instalazioak ezagutzeko ez ezik, baita lankidetza bide berriak identifikatzeko ere. Bisita gidatuaz arduratu dira Pasaiako Portu Agintaritzako (PPA) presidente Izaskun Goñi eta PPAko zuzendari David Candelario, eta elkarrekin bisitatu dituzte bai biltegiak, bai kaia, bai arrain-enkantea, baita Kimua eta Azti zentro zientifiko-teknologikoak ere. Ondoren, ordezkariek Memorandum of Understanding (MoU) batean jaso dute akordioa.
Bi portuak industrialak izateaz gain, mugatik gertu daude, trenbide sarearekin lotuak eta Garraioaren Sare Transeuroparreko Atlantikoko ardatzean kokatuta. Antzekotasun horiek direla eta, zenbait erronka partekatu identifikatu dituzte portuek, eta datozen urteetarako jarduera-ildoak ezarri dituzte. Batetik, itsas eta tren bidezko garraioa sustatuko dute, iraunkortasunaren alde egiteko; bestetik, bezeroentzako logistika-efizientzia areagotuko dute; gainera, bi portuek ingurumen inpaktua murrizteko esperientziak partekatuko dituzte.
Elkarlanean, biek ala biek berrikuntza, teknologia garbien garapena eta itsas energia berriztagarrien sustapena lehenetsi nahi dituzte, “erreferente europar gisa kokatzeko itsas garraio iraunkorrean”, eta, hala, Europako hego-mendebaldeko kate logistikoak optimizatu eta karbono aztarna murrizten laguntzeko.
Martyren hitzetan, bi portuen gertutasunak eta transnazionaltasun handiak “aukera bikaina” eskaintzen du lankidetzarako, esperientziak partekatzeko, eta portu berritzaile eta iraunkorren lankidetza laborategi bihurtzeko.