Paula Martinezek jaso du Alberto Alberdi Saria, familia-enpresa ardatz duen lan batekin

Euskal ekonomiari buruzko doktore-tesi onena saritzen du Alberto Alberdi Sariak

Paula Martinez Sanchis Alberto Alberdi Saria jasotzen | Argazkia: Irekia Paula Martinez Sanchis Alberto Alberdi Saria jasotzen | Argazkia: Irekia

Paula Martinez Sanchisek Municheko (Alemania) Technical University unibertsitatean doktoratu ondoko ikerlari gisa dihardu egun, eta euskal ekonomiari buruzko doktore tesi onenaren I. Alberto Alberdi Saria jaso du, familia-enpresa ardatz duen lan batekin. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eman dio 2020ra arte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde zenaren izena daraman saria, haren ibilbidean islatutako zerbitzu publikoaren printzipioen eta balioen aintzatespen gisa.

Sari banaketaren ekitaldian, eta saritutako lanaren erreferentzia bat baliatuz, Azpiazuk honakoa nabarmendu du: “Alberto Alberdi Sariak Pigmalion efektua eragin nahi du, horren zentzu positiboan, eta ekonomiaren arloko ikertzaileen belaunaldi berriei konfiantza-seinale bat bidali die, Euskadi oparo, solidario eta jasangarri bat eraikitzen lagun dezaten”.

Alberto Alberdi Sariaren lehen edizio honetan 11 hautagaitza ebaluatu dituzte guztira. Epaimahaiak nabarmendu duenez, doktore-tesi saritua ospe handiko datu-baseetan indexatutako aldizkarietan jasotako hiru argitalpenek osatzen dute, eta familia-enpresen jarraipena jorratzen du. Era berean, tesiak ahaleginak egiten ditu lurraldean familia-enpresen sustraitzea bultzatzeko, ikuspegi bikoitz berritzaile batetik: psikologiko-familiarra eta lurraldean errotzearena. Horretarako, Alemania, Eskozia eta Frantziako beste ingurune instituzional batzuekin alderatzen du Euskal Autonomia Erkidegoa.

Paula Martínez Sanchisek Nazioarteko Ikasketen Gradua (2012-2016) eta Enpresa Estrategiaren Masterra (2016-2017) egin ditu Valentziako Unibertsitatean, eta Enpresa Lehiakortasuneko doktoretza lortu du Deustuko Unibertsitatean (2017-2021). Une honetan doktoratu ondoko ikertzailea da Municheko (Alemania) Technical University unibertsitatean.

2021eko maiatzean, “La continuidad de las familias emprendedoras: Análisis desde una perspectiva interna y exterior” izenburuko doktore-tesia defendatu zuen, Cristina Aragón Amonarriz eta Cristina Iturrioz Landart doktoreen zuzendaritzapean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK