• EKONOMIA
  • Pedro Luis Uriarte: "Ekonomia Ituna oso baliotsua da. Horregatik da ezinbestekoa hura defendatzea"

Pedro Luis Uriarte: "Ekonomia Ituna oso baliotsua da. Horregatik da ezinbestekoa hura defendatzea"

Ereduaren bakantasuna eta elkartasuna bermatzeko gaitasunetan jarri du azpimarra ekonomialari eta Ogasun sailburu ohiak, Frankismo osteko lehen Ituna indarrean sartu eta 45 urtera

Pedro Luis Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohia | Argazkia: Economía, Empresa, Estrategia
Pedro Luis Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohia | Argazkia: Economía, Empresa, Estrategia
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko maiatzaren 13a - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 13a - 10:18

Maiatzaren 14a da, baina 1980koa. Pedro Luis Uriarte Santamarina Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak Espainiako Ogasun ministro Jaime García Añoverosen bulegora bisita egiten du. Kontzertu Ekonomikoko Euskal Negoziazio Batzordeko presidenteak dira biak, eta lehen bilera horrekin hasi da Frankismo osteko Itun Ekonomikoaren negoziazioa, 7 hilabete iraungo duena. Legea, berriz, lehen bilera hori gertatu eta urtebetera sartzen da indarrean: gaurko egunez, 1981ean. 45 urte igaro dira geroztik, eta urteurrena aprobetxatu du Ekonomisten Euskal Elkargoak Ekonomia Ituna: 45 urteko autonomia fiskala jardunaldia antolatzeko, EAFE Elkargoko Zerga Aholkularien Erregistroaren X. foroaren testuinguruan. Gaur bertan Euskalduna Jauregian izango dira gaiari buruz solasean egungo Ogasun sailetako ordezkariak, eta baina baita Uriarte ere. Aitzakia ezin hobea EnpresaBIDEArentzat sailburu ohia elkarrizketatzeko, Itunaren oinarriak ulertu, jokoan dagoenaz ohartu eta nola ez, zendu berri den Garaikoetxearen lana ere balioan jartzeko. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ekonomia Ituna euskaldunon lorpentzat jo al daiteke?

Ituna ez da euskaldunon lorpena. Hirugarren karlistaldia galdu ostean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gerra-legea aplikatzen ari zen, berme konstituzionalak bertan behera ziren, ez zegoen batzar nagusirik... Egoera horretan, Espainiako gobernuak inposatu egiten du 1878an, otsailaren 28an Antonio Cánovas del Castillok sinatutako dekretu baten bitartez. Berez aldi baterako zen, 8 urterako, baina ondoren berritzen joan zen. Hori da Ituna. 

 

Eta hasteko, zer esan dezakegu zuk negoziatu zenuen Itunaz?

Nik negoziatu nuena, Frankismoaren parentesiaren ostekoa, historiako zortzigarrena izan zen. Izan ere, Francok, Bilbo konkistatu eta lau egunetara erabaki zuen Bizkaia eta Gipuzkoako Itunak bertan behera uztea, pribilegio nabaria zirela azpimarratuta. 

"43 urte lehenago desagertutako Bizkaia eta Gipuzkoako Itunak berreskuratzea ezinbestekoa zen. Baina baita 1976an onartutako Arabako Ituna eguneratzea. Itunak euskal autogobernua bermatu behar zuen, eta Arabakoak ez zuen helburu hori betetzen"

Zure lanaren lehen helburua izan zen, beraz, horiek berreskuratzea?

Ez soilik. 43 urte lehenago desagertutako Bizkaia eta Gipuzkoako Itunak berreskuratzea ezinbestekoa zen. Baina baita 1976an onartutako Arabako Ituna eguneratzea, erabateko metodologia berriarekin, Eusko Jaurlaritzak eta, zehazki, Carlos Garaikoetxea lehendakariak hala eskatuta. Itunak euskal autogobernua bermatu behar zuen, eta Arabakoak ez zuen helburu hori betetzen.

1981ean sinatzen den Itun horren negoziazioarekin noiz hasten zarete zuek?

1980ko maiatzaren 14ean. Pentsa: 37 urteko gazte bat, inongo esperientzia politikorik gabe, talderik gabe, aurrekonturik gabe, iristen da Ogasun ministro ahalguztidunarekin biltzera, sekulako bulegoan, atzean Goyaren koadroa duelarik. Eta esan behar izan nion Eusko Kontseilu Nagusiarekin negoziatutakoak —Carlos Garaikoetxea buru zuela— ez zela nahikoa, eta zerotik hasi behar ginela. Noski, asko haserretu zen. 

Zergatik ez zen nahikoa?

Arabako Itunaren filosofia jasotzen zuelako. Horrek ez zuen araudi-autonomia nahikoa, eta are garrantzisuagoa zena, ez zuen garatzen Autonomia Estatutuak hiru lerrotan jasotzen zuen kupoaren metodologia. Esandakoarekin ez naiz Eusko Kontseilu Nagusiak 1976an egindakoa kritikatzen ari; 40 urte baino gehiago itxita zeraman bidea berriro egiten hasi ziren. Kontua da euskal autogobernu sistema, eta batez ere, kupoaren metodologia berria ezinbesteko zirela. Esan behar da tentazioa izan zela Itunaren Legea lehenik —Arabako eredua abiapuntu, trantsizio moduan— eta Kupoarena ondoren sustatzeko, Ogasun ministeriotik hala proposatuta. Baina guk argi izan genuen biak batera joan behar zirela. 

"Tentazioa izan zela Itunaren Legea lehenik —Arabako eredua abiapuntu, trantsizio moduan— eta Kupoarena ondoren sustatzeko, Ogasun ministeriotik hala proposatuta. Baina guk argi izan genuen biak batera joan behar zirela"

Zein zen aldea kupo zaharraren eta berriaren metodologien artean?

Itun historikoek honakoa ezartzen zuten: Foru Aldundiak zergak biltzen zituen. Aldi berean, aldundiak zenbait gaitasun edo eskumen zituen, tartean ogasuna, errepideak edo foruzaingoa, eta aurrekontu bitartez ezartzen zuen zenbat gastatzen zuen horietan guztietan. Bildutako guztiaren zenbatekotik Aldundiaren aurrekontua kentzen zen, eta soberan zegoen guztia Estatuari ematen zitzaion. 

Autonomia Estatutuan hiru esalditan jasotzen zenak, baina, beste zerbait zioen: "EAEk kupo bat ordainduko dio Estatuari azken horrek garatutako eta EAEra transferitu ez diren eskumenen kostuagatik". Bestela esanda, eredu horren oinarrian zegoen Foru Aldundiek bildutako zergetatik Estatuari ordainduko ziotena ez zela soberan zegoen dirua, baizik eta, kontrara, zerbitzuen alokairu modukoa. Hiru zerbitzu motaz ari gara. Lehena, Estatuaren eskumenekoak, hau da, Estatuaren parte garenez gero, erakunde partekatu guztiei (Gorte Nagusiak, estatu-burutza...) dagokion kostua ordaintzea; edota nazioarteko politikaren eskumen aintzatetsia ez dudanez, Kanpo Harremanen ministerioko kostua ordaintzea. Bigarrena, Estatuari dagozkion egitekoez arduratzen diren enteena, tartean AHTaren gaineko eskumenak. Eta hirugarrena, Autonomia Estatutuan aitortutako zenbait eskumen oraindik transferitu gabe daudenez —Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoa kasu—, horiengatik ere kostua pagatzen zaio Estatuari, transferitu bitartean. Beraz, eredua goitik behera aldatzen da. 

Autogobernu berrirako gako zen hori?

Bai, sakoneko autogobernua ahalbidetzen zuelako. Eredu zaharrean, Estatuak kontrolatzen du zenbat gastatu duzun; egungo kupo ereduan, hori ez da gertatzen eta nahi duzun horretan gastatu dezakezu. Erabateko autonomia duzu. 

Argitzeko: Estatuak mundu guztian bere zerbitzuak eskainita gastatzen duenaren %6,24 ordaintzen duzu, ez EAEn duen kostua. Esaterako, Estatuak OTANi egiten dion ekarpenaren %6,24 pagatzen da.

Zer dela eta %6,24?

Ogasun ministroarekin pertsonalki adostutako zifra bat izan zen, itundutako azkeneko gauzetako bat. Azken batean, bera zen Batzorde Negoziatzaileko presidentea Espainiako Estatuaren izenean, eta ni Jaurlaritzarenean.

Akordatu genuen lehenengo gauza izan zen Estatuan gure ekonomiak zuen pisuaren araberako zifra izatea, alegia, Espainiako BPGn EAEk zuen pisua abiapuntu hartzea. Kontua da garai hartan ez zegoela estatistikarik, eta gainera Estatua ez zegoela oraindik erkidegotan banatuta —bakarrik Konstituzioan—. Zeharkako informazio estatistikoa besterik ez genuen.

Gu hasi ginen defendatzen %6koa zela, eta Estatua %7koa, nahiz eta azkenean onartu zuten %6,5etik gertuago zegoela. Ez ginen ados jartzen. Azkenean akordioa ixteko presioa jaso genuen, eta erabaki genuen gutxi gorabeherako erdibideko zifra baten geratzea, %6,24an. Kontua da 1980ko abenduaren 28 hartan adostutako zifra horrek 46 urte eta bederatzi Kupo Lege beranduago bere horretan jarraitzen duela. Eta azpimarratzeko beste alderdi bat: prozesu guzti-guztia Garaikoetxeak pertsonalki jarraitu zuen. 

"Estatuak mundu guztian bere zerbitzuak eskainita gastatzen duenaren %6,24 ordaintzen duzu, ez EAEn duen kostua. Esaterako, Estatuak OTANi egiten dion ekarpenaren %6,24 pagatzen da"

Orain dugun informazio estatistikoa hartzen badugu, zifra hori egokia izan al zen?

2015ean idatzi nuen liburu baten kalkulua egin nuen ikusteko zer gertatuko zatekeen gaur egun ditugun estatistikak izan bagenitu. Horretarako, INEk 30 urte geroago argitaratu zituen datuak erabili nituen, atzera eginda, eskualdeka, BPGaren serie osoa berreginda, eta horren arabera kupoa kalkulatuta. 

Hasieran Estatuak arrazoi zuen, BPGaren gaineko pisua %6,7 baino apur bat gehiagokoa baitzen. Kontua da hori jaisten joan dela: industria-birmoldaketa gertatu da, turismoak ez du halako pisua gurean, eta eraikuntzak ere ez. Egun, %5,8ren bueltan da. Alegia, hasieran ordaindu behar genuena baino gutxiago ordaintzen genuen, eta orain gehiago. Urteetan halako konpentsazioa izan da, beraz. Baina hurrengo negoziazioa gertatzen denean —2027an dago aurreikusita— , baliteke zifra aldaketa adosteko saiakerak egitea. Izan ere, egun BPGagatik ordaindu beharko genukeena baino %9 gehiago ordaintzen ari gara, eta populazioagatik %33 gehiago.

Kupoaren metodologiaz gain, zein beste elementu dira gako 1981ko Itunan?

Beste hiru elementu bereizgarri daude. Lehena, Itunak aldebiko harremanak ezartzen ditu Estatuarekin. Are gehiago, egun aldebiko harreman hori eraman nahi da Estatutu berrira, eta horrekin gainontzeko eskumenetara ere. Bigarrena, ituntze kontzeptua. Ordura arteko Itun Ekonomiko guzti-guztiak (Arabako 1976koa barne) dekretu bitartez onartu ziren, alegia, Madrilgo gobernuaren erabakiz. Autonomia Estatutuan jasotzen zen, 41. artikuluan, Lege bitartez onartu behar zela: Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremanak arautzen dituen ekonomia-ituna onartzen da. Eta inportantea zen ordura artekoa negoziazio bitartez gauzatzen zenez, Itun hori ezin izatea Gorte Nagusiek aldatu. Alegia, hori onartu edo baztertu ahal izatea soilik, baina inolaz ere ez zuzenketak egin. 

Eta hirugarrena da autonomia normatiboa: zuzenean pertsonei —eta ez merkatuari edo gauzei— eragiten dieten zerga guztiak hemen arautzen dira. Horregatik errenta altuek zerga gehiago ordaintzen ditugu Bizkaian, adibidez, Madrilen ordainduko genukeena baino. Presio fiskala errenta altuenentzat altuagoa da, eta horrekin ekarpen solidarioa egiten ari gara itunak mesede egiten dienei, eurak ere zerbitzu publikoa jaso dezaten. Izan ere, ezin dugu ahaztu Euskadiko errenta altua bada ere, bost biztanletik bat bazterkeria edo pobrezia arrisku egoeran dagoela. Horregatik uste dut Ituna baloratzean ez dela pentsatu behar soilik per capita gastu publikoan, baizik eta bere helburu solidarioan eta bere babesteko gaitasunean. Badirudi Kataluniak aldarrikatzen duenean Itun solidarioa nahi duela, gurea ez dela elkartasunezkoa. Eta ez da hala. 

"[Kupoaren Legearen] hurrengo negoziazioa gertatzen denean, baliteke zifra aldaketa adosteko saiakerak egitea. Izan ere, egun BPGagatik ordaindu beharko genukeena baino %9 gehiago ordaintzen ari gara, eta populazioagatik %33 gehiago"

LOFCA erkidegoen finantzaziorako legetik kanpo geratzeko negoziazioa nolakoa izan zen?

Negoziazio gogorra izan zen. Are gehiago, protestak ere egin behar izan genituen, euskal taldea parlamentutik aterata.

Esan behar da 1980ko uztailean Kataluniari ere eskaini zitzaiola Itun Ekonomikoa. Baztertu egin zuen, eredu zaharkitua iruditzen zitzaielako. Baina batez ere oso arrisku handia hartzea suposatzen zuelako Estatuko babesaren aterkipetik kanpo geratzeak. 

Argi dago gaitasun gehiago ematen ziola EAEri lege berriak. Baina uneren baten beldurra sentitu al zenuten dena gaizki atera zitekeelako?

Noski. Sekulako beldurra sentitu genuen. Euskal ekonomia lur jota zegoen eta oso egoera politiko konplikatua bizi genuen. Autogobernua zerotik hasi behar genuen, eta inork ez zekien zer zen hori. 20 orrialdeko dokumentu bat genuen, Estatutua, eta hura garatu egin behar zen. Gauza bat edo bestea gerta zitekeen. Baina azken egunetan behin eta berriro errepikatu dudan bezala, lehendakari probidentziala izan genuen. Oso argi izan zuen maximoetako helburua izan behar genuela, ezin genuela konformatu. Horrek ahalbidetu zigun Estatutua garatzea egun oraindik bizirik dirauten elementuekin, egungo Euskal Autonomia Erkidegoaren oinarri direnak. Baina bai, Euskadiren etorkizunean sinetsi behar izan genuen. 

Eta datu bat emango dizut. 1995. urtean, negoziazioa amaitu eta 15 urtera, burua zulotik atera gabe ginen, eta langabezia datua %25en bueltan zegoen oraindik. Baina ekonomia hazten hasi zenean, enplegua sortzen... Une horretatik aurrera kupoaren formulak ahalbidetu zuen bertan geratzea bildutakoa. Horrela, herritar guztiek egiten duten sakrifizioan zerga bitartez euren ekarpena egiteko zuzeneko korrelazioa gertatzen da pagatzen diren zergen eta jasotzen ditugun zerbitzuen artean.  

Itunaren zein elementuk behar izan dute doikuntza gehien denboran zehar? 

22 aldiz aldatu da 1981. urtetik: Itunaren bi lege, Kupoaren bederatzi lege eta hamaika egokitzapen. Azken batean, tributu sistema aldatzen doa eta hori egokitu egin behar da. Adibidez, ITE desagertu eta BEZa agertu zenean, Ituna egokitu behar izan zen. Egokitzapen hori komunztatu egin behar da. 

Esan behar da hori dena aurretik akordatu dela Espainiako gobernu desberdinekin, askotariko ideologiakoak eta askotariko koiuntura parlamentariotan. Adibide bat jartzearren: Itunaren bederatzigarren legea 2002an sinatu zen Jose Maria Aznar Espainiako gobernuko presidente zelarik gehiengo osoarekin, eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izanik. Eta akordio horrek jaso zuen ordura arte existitu ez zen zerbait: Itunak izaera mugagabea duela. Alegia, ez dela berritu behar. 

"Ituna Historiatik bizirik atera da, zortzi momentu kritiko bizi izan baditu ere, eta mantendu bada autogobernurako borondateagatik ere izan da"

45 urteko perspektibarekin, nola baloratzen duzu urte horietan egindako negoziazio lana?

Utz iezadazu beste zerbaiti erantzuten. 148 urtek ematen duten perspektibarekin baloratu behar da hau. Itun Ekonomikoa eredu bakana da munduan. Ez dago beste entitaterik Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza izan gabe EAEk dituen eskumen tributario eta finantzarioak dituenik. Historiatik bizirik atera da, zortzi momentu kritiko bizi izan baditu ere, eta mantendu bada autogobernurako borondateagatik ere izan da. 

Are gehiago, 310 urte daramatzagu lurralde bereizi bat izaten. Diferente izatearen ideia hori oso inportantea da.

Ituna ukiezina al da?

Itunarentzat oso negatiboa izan daitekeen egoera politikoa hurbiltzen ari da, baldin eta alderdi zentralista, euskal herritarren aurkakoa eta Itunaren aurkakoa Espainiako Gobernura iristen bada. Aipatzekoa da, gainera, 2014tik erkidegoen erregimen komuneko finantzazio eredua definitzeke dagoela.

Ituna oso baliotsua da. Horrek ahalbidetzen digu ditugun zerbitzuak izatea. Horregatik da ezinbestekoa hura defendatzea. Ituna ezabatzeak edo kupoa nabarmen handitzeak, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien jarduteko gaitasuna gutxitzeaz gain, kalte larria ekar diezaiekelako euskal gizartean laguntza gehien behar dutenei.