
Mondragon taldeko lehendakaritza Pello Rodriguez Zabaletaren eskuetan geratuko da 2024ko abuztuaren 1etik aurrera. Taldeko kooperatibak ordezkatzen dituen Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak hartu du erabakia, eta Rodriguezek Iñigo Ucinen lekukoa hartuko du. Orain arte presidente izan denak, aurreikusita zegoen bezala, erretiroa hartuko du.
1975ean Urretxun jaioa, Goi Mailako Ingeniaritzan lizentziatua da Rodriguez. Bere ibilbide profesionala Danobaten hasi zuen, proiektuetako gerente bezala, eta ondorengo sei urtetan Ingalaterrako eta Alemaniako filialetan aritu zen lanean. 2007an enpresako tornu eta azterketa negozioaren ardura hartu zuen, eta 2013an zuzendaritza nagusira ailegatu zen.
2015az geroztik, Mondragoneko lehendakariordea eta ekipamendu eta ondasunen dibisioko zuzendaria izan da. Industria eta kudeaketa alorrean izandako esperientzia baliatuta iritsi da lehendakari kargura. "Erronka berri hau ilusio handiarekin hartu dut. Mondragon nire etxea da eta oso harro nago funtzio hau betetzeko izendatu nautelako. Eman zaidan erantzukizunaren mailan egotea espero dut", adierazi du.
Datorren abuztuan kargua hartzean, hurrengo lau urterako Mondragon taldearen ibilbidea martxan jartzea izango da Rodriguezen erronka nagusia. 2025-2028 Politika Sozioenpresarialean garatuko dute ibilbidea, eta taldearen datorren uztaileko kongresuan aztertuko dute.