• EKONOMIA
  • Pentsiodunen mugimenduak babestu egin du azaroaren 11ko greba

Pentsiodunen mugimenduak babestu egin du azaroaren 11ko greba

"Etxebizitzarako eskubidea eta soldata duinak" babesten dituzte borrokekin bat egingo dutela gogorarazi zuten

Pentsiodunen mugimenduaren agerraldia, atzo, Bilbon | Argazkia: Europa Press
Pentsiodunen mugimenduaren agerraldia, atzo, Bilbon | Argazkia: Europa Press
2026ko urriaren 13a - 09:49
Eg. 2026ko urriaren 13a - 14:19

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) kontzentrazioa egin zuen atzo beste behin Bilboko Udaletxeko eskaileretan, orain zortzi urtetik astelehenero egin bezala. Oraingoan, baina, agerraldia probestu zuten azaroaren 11rako deituta dagoen etxebizitza krisiagatiko greba orokorrarekin bat egiteko. Izan ere, "aberastasuna berdintasunez banatzea, gizarte- eta lan-eskubideak bermatzea, eta pentsioak, soldatak eta etxebizitza duinak bermatzea helburu duten borroka guztiak" babestu nahi dituzte, eta "helburu partekatu horren alde indarrak batzen eta hori lortu arte borrokan jarraitzen lagunduko dugu".

 

Bestela esanda, parte hartze "aktiboa" iragarri dute sindikatuek iragarritako lanuzte orokorrekin, "etxebizitzarako eskubidea eta soldata duinak" berma daitezen aldarrikatzeko.

Agerraldiaren fokua, aldi berean, beste gai batzuetan ipini zuten. Besteak beste ohartarazi zuten "konkistatutako eskubideetan inboluzionatzeko arrisku larria" dagoela Espainian azaroaren 29rako deituta dauden hauteskundeen ostean PPk eta Voxek gobernua osatzea lortzen badute. Zentzu horretan, "bozkatzeko" mobilizatuko direla nabarmendu zuten.

 

Halaber, pentsio sistema hobetzen jarraitzeko hainbat aldarrikapen mahaigaineratu zituzten. Pedro Sanchezen Gobernuari exijitu zioten "lana erdizka ez uzteko", alegia, KPIaren araberako benetako igoera sar dezala pentsioen balioa handitzeko hurrengo dekretuan, baita 2026an erosteko ahalmenaren galera aparteko ordainsari batekin konpentsatzeko neurria ere.

Arestian aipatutako gaiez gain, agerraldia aprobetxatu zuten urrian eta azaroan zehar egingo diren gainontzeko mobilizazioak gogorarazteko, tartean urriaren 24an Madrilen egingo dutena —Espainiar estatuko beste pentsiodun batzuekin —, edota azaroaren 3an Gasteizen izango dena. Horrekin batera, urriaren 14an, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean parte hartuko dute, 140.000 sinaduratik gora jaso dituen legegintzako herri-ekimenak legebitzalrrean eztabaidatzeko betoa jaso baitu. Agerpenean iniziatiba berriak aurkeztu asmo dituzte.

Orain hilabete batzuk urte amaierako konpentsazio-ordainsaria berreskuratzeko eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aldatzeko eskatu zuten pentsiodunek, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Arlo horri erantzutea Felix Bolaños Presidentziako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroari, Arcadi España Ogasunekoari eta Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migraziokoari dagokie, eta urriaren 27an erantzun hori emateko zuten hiru hilabeteko epea beteko da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain