Pentsioek % 8,5 egingo dute gora Hego Euskal Herrian 2023an

Pentsioaren batez bestekoa 1.336 eurotik 1.450 eurora igaroko da

Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA

INE Espainiako estatistika institutuak iragarri berri du azaroko inflazioaren behin-behineko datua: % 6,8koa izan da, eta aldaketa ezean abenduaren 14ean berretsiko du zifra. Datua, berriz, ezinbestekoa zen baieztatzeko zenbat igoko ziren pentsioak 2023ko abenduaren 1etik aurrera. % 8,5 haziko dira, Espainiako gobernuak irailean aurreratu bezala. Bestela esanda, orain arte pentsiodunek batez beste 1.336 euro jasotzen bazituzten, urtarriletik aurrera 1.450 jasoko dituzte hilero, alegia, 114 euro gehiago.

Datorren urteko pentsioak kalkulatzeko 2021ko abendutik 2022ko azaroko inflazioaren batez bestekoa hartu dute. Alegia, hilabete guztietako inflazioa gehitu eta zati hamabi egin. Sistema hori 2021eko udan adostu zuten Espainiako gobernuak, patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek, eta 2022ko pentsioan aplikatu da lehen aldiz.

Pentsiodunen aldarria, baina, azaroko KPI errealaren araberako igoerak lortzea da, besteak beste, iazko azaroko inflazioa % 5,5ekoa izan zelako, eta hilabete guztien batez bestekoa % 2,5koa. Ondorioz, erosahalmena galtzen zutela zioten pentsiodunek. Aurten, aldiz, kontrakoa pasa da. Azaroko KPI datua txikiagoa izan da urteko batez bestekoa baino. Izan ere, goranzko joera nabaria izan du irailera arte, uztailan eta abuztuan % 10ekoa baino handiagoa izateraino, baina geroztik behera egin du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK