Mundu mailako petrolio eskaria behea jotzen ari dela iragarri du Nazioarteko Energia Agentziak (IEA). Zehazki, aurreko urtearen aldean, aurten egunero 1,1 milioi upel gutxiago eskatuko direla aurreikusten du erakundeak. Beherakada azpimarragarria da, aurrez uste baitzen eskaria nabarmen handiagoa izango zela, baina prezioen igoerak eta hornidura arazoek eragin zuzena izan dute merkatuan. Haatik, badirudi 2027. urtean sektoreak gora egingo duela berriro ere; datuek diote eskaria eguneko 2 milioi upelekoa izatera irits daitekeela, beti ere, egoera geopolitikoak normaltasun zantzuak erakusten baditu.
Era berean, ezinbestean behera egin du petrolioaren produkzioak ere. Urte honetako eskaintza, batez beste, eguneko 3,9 milioi upel txikiagoa izango da, Ekialde Hurbileko gerra eta arazo logistikoak direla medio.
Merkatua AEB eta Iranen arteko akordioaren zain
Gatazka hasi zenetik hiru hilabete pasa ostean iritsi zen, duela egun batzuk besterik ez, AEB eta Iranen arteko aurreakordioa. Bi aldeak ados jarri eta hitzarmena ofizial bilakatuz gero, ondorioak argiak izango lirateke: Ormuzko itsasartea ireki eta Irango esportazioak berreskuratzeaz gain, petrolio produkzioa handituko litzateke, baita nazioarteko hornidura-arazoei konponbidea ematen hasiko ere. “Akordioa bere horretan mantentzen bada, esportazioek eta Golkoko produkzioak errekuperazio graduala izan beharko lukete, batez ere Irango petrolio esportazioak erabat berrabiarazi ahal izango direlako behin AEBetako blokeoa bertan behera geratuta”, azaldu du erakundeak.
Hala ere, akordioa sinatu izanagatik, merkatua ez litzateke di-da batean suspertu eta indarberrituko, “muga operatibo eta politikoak (adibidez, itsas bideetako minak kentzea edo egiteke dauden akordio politikoak) arriskutsuak izan daitezkeelako oraindik ere”, azaldu du erakundeak.
Findegiak, inportazioak eta prezioak
Petrolio-hornidura arazoen eragin zuzena pairatu dute findegiek, eta 2026an eguneko 2 milioi upel inguru gutxiago finduko dituztela iragarri du IEAk, batik bat Txinan, Ekialde Hurbilean eta Asiako beste herrialde batzuetan. Txina eta Japonia askoz petrolio gutxiago inportatzen ari dira, eta euren erosketak %40 inguru jaitsi dira. Eskariaren eta fintze jardueraren ahultasuna islatzen du datuak.
Halaber, mundu osoko petrolio erreserbek abiadura handian beheratzen jarraitzen dute, eta nahiz eta petrolio gutxiago kontsumitzen den, erreserba globalak nabarmen jaitsi dira gerra hasiz geroztik.
Brent upelen prezioari dagokionez, azpimarragarria da azken egunetan izandako beherakada: krisiaren puntu gorenetik, 40 dolar merkatu da upela, eta gaurko egunean 78-80 dolar inguruko kostua du. Prezioen jaitsieraren atzean bi faktore nagusi daude: batetik, petrolioaren eskaria aurreikusitakoa baino gehiago moteldu izana; bestetik, AEBen eta Iranen arteko akordioak aurrera eginez gero merkatura petrolio gehiago iritsiko delako itxaropena. Horrek hornidura-arazoek eragindako tentsioa arindu du, eta merkatuak prezio baxuagoak aurreikusten hasi dira.