• EKONOMIA
  • Petrolioaren produkzioak zein kontsumoak behera egin dute

Petrolioaren produkzioak zein kontsumoak behera egin dute

Otsailean baino 12,8 milioi upel gutxiago ekoizten dira egunean

Argazkia: IEA
Argazkia: IEA
2026ko maiatzaren 13a - 17:54
Eg. 2026ko maiatzaren 13a - 17:54

Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) hilero egiten duen petrolio merkatuaren txostenak zenbait datu esanguratsu plazaratu ditu. Israelek eta AEBek Ormuzeko itsasartean gatazka hasi zutenez geroztik, petrolioaren prezioak gorabehera nabarmenak pairatu ditu, egunero munduak kontsumitzen duen petrolio gordinaren bosten bat galtzea eragin baitu. Testuinguru horretan, IEAren txostenak ondorio argia eman du aditzera: petrolio erreserbak gero eta txikiagoak dira eta gero eta petrolio gutxiago kontsumitzen ari da mundua.

 

Hain zuzen ere, energia agentziak argitaratutako informazioaren arabera, gaur egun mundu osoan 95,1 miloi ekoizten dira egunero; hau da, otsailaz geroztik, 12,8 milioi upel galdu dira egunean. Persiar golkoko herrialdeen kasuan, beherakada hori eguneko 14,4 milioi upelekoa izan da.

Gutxiago ekoiztearen ondorio zuzena petrolioaren prezioaren gorakada izan da: upelak 144 dolar balio izatera iritsi ziren, apirilean 110 dolarren ingururen bueltan egon baziren ere. Era berean, erreserbatutako ia 250 milioi upel inguru galdu dira martxoaren eta apirilaren artean, aurrez biltegiratutako petrolioa erabiltzen ari direlako hornikuntza falta konpentsatzeko.

 

Bi arrazoi horiek direla medio, findegiek petrolio gutxiago prozesatu dute, eta inportazioak ere nabarmen jaitsi dira. Txinak 3,6 miloi upel gutxiago inportatu zituen egunean otsailetik apirilera bitartean, eta Japoniak, Koreak zein Indiak ere murrizketak egin zituzten erosketetan. Aurreikuspenek ere joera bera erakusten dute: 2026ko bigarren hiruhilekoan findegiek petrolio gutxiago prozesatzea espero da, 4,5 milioi upel gutxiago egunean, zehatz-mehatz.

Gauzak horrela, txostenean ondorioztatzen da gatazka amaituz gero petrolio eskaerak gora egin dezakeela urtearen amaierarako, baina eskaintzari gehiago kostatuko zaiola gerra aurreko kopuruak berreskuratzea. Azkenik, IEAk ohartarazi du litekeena dela prezioetan hegakortasun handiagoa izatea uda baino lehen, eskari handiena duen garaia delako eta petrolio-erreserbak “erritmo bizian murrizten” ari direlako.