Pilar Mitxelenak eta Nerea Arangurenek jasoko dituzte 2024ko Aspegi sariak

Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak sariketaren IX. edizioa egingo du otsailaren 22an, emakumeak arlo ekonomikoan egindako ekarpena aitortuz

Nerea Aranguren eta Pilar Mitxelena | Argazkia: Aspegi Nerea Aranguren eta Pilar Mitxelena | Argazkia: Aspegi

Pilar Mitxelena Escudero Iñaki Bereziartua taldeko bazkidea eta Nerea Aranguren Ideko zentro teknologikoko gerentea izango dira sarituak aurtengo Aspegi sarietan. Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak sariketaren IX. edizioa egingo du, emakumeok arlo ekonomikoan egindako ekarpena aitortuz.

Mitxelenak enpresariaren kategorian jasoko du saria, Arangurenek, aldiz, zuzendaritza / profesionalaren kategorian. Saria emateko ekitaldia otsailaren 22an egingo da, Donostiako Aquariumean.

Nerea Ibañez Garcia Aspegiko presidentearen hitzetan, aitortza hauekin Gipuzkoako emakume zuzendarien, profesionalen eta enpresarien lan-errealitatea ikusarazi nahi izan dute, “gure lurraldeko enpresa- eta lanbide-ingurunean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun handiagoa sustatzeko, jarduera ekonomiko eta profesional errentagarriak, lehiakorrak eta berritzaileak gara daitezkeela erakutsiz, aukera-berdintasunetik jardunez”.

Azken urteotan asko aurreratu bada ere, presidenteak azaldu duenez, “oraindik bide luzea dago egiteko, eta zorionez, gero eta emakume profesional gehiago ditugu, esperientzia dutenak eta aldaketa egiteko gaitasuna dutenak".

Mitxelena psikologian lizentziatua da EHUn eta Iñaki Bereziartua zerrategi eta enbalaje sektoreko enpresako bazkidea da 1990tik. Egun, 25 langile ditu, eta bertako administratzaile bakarra eta kudeatzailea ere bada.

Arangurenek, berriz, ingeniaritza industriala ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Ideko zentro teknologikoan. 2016az geroztik da zuzendari nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK