Pilotak telebistan jarraitzen du. Astebururo izan ohi da partiduren bat, izan profesionalena, izan herriko frontoian lagunen artean jokatzen duten bat. Errealitatea da, ordea, pilotak hartzen dituen modalitateen egoera ez dela telebistan erakusten den bezalakoa, eta gaur egun tamaina galdu duela, garai onenekin alderatuz gero. Duela 40 edo 50 urte baino pilotari profesional gutxiago daude egun, partida gutxiago jokatzen dira, eta, ondorioz, pilota gutxiago behar dira. Horrek zuzenean eragiten dio pilotagintzari, kirolaren atzean dagoen artisau-ofizioari.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Juan Carlos Otero pilotagileak ondo ezagutzen du bilakaera hori. Alkizan jaio eta Anoetan (Gipuzkoa) bizi den artisaua 17 urterekin hasi zen lanbidea ikasten, Anoetako pilotako delegatuarekin. Gaur egun, tailerra herri berean dauka gipuzkoarrak, eta bertatik piloten ekoizpena eta salmenta uztartzen ditu. Beste hiru bezeroekin batera osatzen du kooperatiba, Otero Pilotagilea deritzona. Pilotagintza ez da fabrikazio industrialeko negozio bat; pilota bakoitza eskuz egiten da, hiru fase nagusi dituen prozesu bat jarraituta.
Horregatik, nahiz eta baten bat saiatu izan den prozesua errazten, eta pilota sintetikoak ekoizten, emaitza ez da inoiz alderagarria izango. Artisauek fabrikatutako pilotak erabili izan dira beti, baita gaur egun ere. Pilota horiek izaera bakarra dute, kantxan portarea jakin bat dute, efektu jakinak egiten dituzte; eta horren atzean dagoen arrazoia fabrikazioan erabilitako metodoetan eta materialetan dago. Pilota horiek artisauen metodoen bidez baino ez dira lortzen, eta horrek negozioa bakarra eta berezia egiten du, kopiatu ezin dena.
Hiru geruza, pilota bakarra
Oterok azaldu bezala, hiru fase ditu fabrikazioak, hiru geruza. Lehenengo geruzak kixkia izena du, eta "pilotari botea eta soinua ematen diona" da. Kixkia osatzeko, boloa osatu behar da aurrena. Garai batean egurrez egiten zen; gaur egun, berriz, plastikoarekin sortzen da. Boloa inguratzen, goma edo latexa jartzen da, “bilatzen den tamaina zein portaera lortu arte”.

Behin kixkia lortuta, bigarren fasean sartzen gara, artilearenean. Kixkia estaltzen du artileak, eta “pilotari bolumena eta biguntasuna” ematen dizkio. Zenbat artile erabili eta zenbateraino estutu, pilota motaren araberakoa da. Hori eginda, beste hari bat gehitzen zaio, artilea ondo lotuta geratzeko, eta pilotaren forma biribila bermatzeko.
Juan Carlos Otero (pilotagilea): “Orokorrean, pilota guztiak eskuz josita daude, ez dago larrua pilotara josiko lukeen makinarik”
Azken fasea larruarena da, pilotaren kanpoaldean ikusten dena. Larrua josi egiten da, eta, Oterok azaldu duenez, lan hori eskuz egiten da oraindik: “Orokorrean, pilota guztiak eskuz josita daude, ez dago larrua pilotara josiko lukeen makinarik”.
Larru mota ere pilotaren erabileraren araberakoa da. Ardi-larrua ahulagoa da eta pilota bigunagoetarako erabiltzen da; ahuntz-larruak, berriz, bestelako ezaugarriak eskaintzen ditu. Azken emaitza ez da soilik pilotaren itxura.
Merkatu txikia, baina lehiakorra
Gaur egun, sei edo zazpi artisau-negozio inguruk dihardute pilotagintzan. Kopurua txikia da, baina Oteroren arabera, ez du zertan merkatuaren tamainarekin bat etorri: “Ekoizle gutxi garela dirudi, baina merkatuak eskatzen duenerako nahikoa gara”.
Horrek esan nahi du pilotagileen artean lehia badagoela. Merkatu txikia da, baina ez dago hutsik. Artisau bakoitzak bere bezeroak eta salmenta-bideak bilatzen ditu, eta Oteroren kasuan negozioa ez da pilota profesionalaren mundura mugatzen. Mundu profesionaleko enpresentzako, normalean, ez dute fabrikatzen. Noizbehinka larru-aldaketak edo bestelako lanak egiten ditu, baina bere jardueraren zati handi bat beste bezero batzuei zuzenduta dago: federazioei, klubei eta pilotari afizionatuei. Azokaz azoka ere ibiltzen dira, eta tailerrera bertaratzen denari ere saldu dakiokete pilotarik, nahiz eta lokalak ez izan denda itxurarik.
Juan Carlos Otero: “Ekoizle gutxi garela dirudi, baina merkatuak eskatzen duenerako nahikoa gara”
Gainera, pilota ez da produktu bakarra. Negozioa osatzeko, pilotariek erabiltzen dituzten bestelako materialak ere eskaintzen dituzte: esparatrapuak, zintak eta eskuak babesteko bestelako osagarriak. Horrela, produktu nagusiaren inguruan beste salmenta-ildo bat sortzen da.
Aldakorra da, piloten prezioa
Piloten prezioa ez da bakarra, modalitatearen eta erabileraren arabera aldatzen baita. Oteroren tailerrean gehien saltzen direnetako batzuk pilota goxoak dira, batez ere haurrek erabiltzen dituztenak. Horiek 13 edo 14 euro inguruan saltzen dituzte.
Baina prezioen tartea zabala da: “Toke-pilotek 30 edo 35 euro inguru balio dezakete; zesta-puntakoek, berriz, 60 edo 70 eurotik gora. Erremontea, joko garbia, xarea edo erramintazko pilotak ere badaude, eta bakoitzak bere ezaugarriak eta prezioak ditu”, azaldu du Oterok.
Juan Carlos Otero: “Pilotagilearen lanordua ofizio horien pare ordainduko balitz, piloten prezioa hiru edo lau aldiz handiagoa izan beharko litzateke”
Horrek erakusten du pilotagintzan ezin dela produktu bakarraz hitz egin. Modalitate bakoitzak behar desberdinak ditu, eta, ondorioz, baita fabrikazio-prozesu eta prezio desberdinak ere. Baina salmenta-prezioak ez du zuzenean esan nahi negozioaren errentagarritasuna handia denik. Izan ere, Oterok argi du artisau-lanaren arazoetako bat dela lanorduak ez direla beste ofizio batzuetan bezala ordaintzen.
“Artisau lana orokorrean prekarioa” dela dio pilotagileak. Mekaniko, igeltsero edo elektrizista baten lanorduengatik ordaintzen denarekin alderatuta, pilotagilearen jornalak “askoz ere xumeagoak” direla azaldu du: “Pilotagilearen lanordua ofizio horien pare ordainduko balitz, piloten prezioa hiru edo lau aldiz handiagoa izan beharko litzateke”.

Hor dago, beraz, negozioaren beste paradoxa: produktuak merkatu bat badu, eta pilotagileek bezeroak badituzte, baina artisau-lanaren eskulanak kostu txikia izan behar du produktua merkatuan mantendu ahal izateko.
Lehengaien prezioak ez dira arazo
Azken urteetako prezioen igoerak sektore askoren kostuak handitu ditu, baina pilotagintzaren kasuan ez da izan arazo bat. Larrua, adibidez, hornitzaile jakin bati erosten diote Otero Pilotagile enpresan, eta urtero prezioak pixka bat gora egiten duen arren, igoera ez da bestelakoa izaten. Horrela, piloten prezioak ere urtero egokitzen dituzte: “Baina igoera minimoa da, ez dira etxebizitzaren prezioak bezala igotzen, inolaz ere”, dio Oterok.
Horrek esan nahi du pilotagintzaren erronka nagusia ez dagoela soilik lehengaien kostuan. Sektorearen benetako arazoa merkatuaren tamainan dago: zenbat partida jokatzen diren, zenbat pilotari dauden eta zenbat pilota behar diren jokatzen diren partidetarako.
Garai batean, askoz pilota gehiago
Oteroren arabera, duela 40 edo 50 urte pilotagintzak “gaur egun baino askoz ere mugimendu handiagoa zuen”. Profesionalen mundua zabalagoa zen: eskuzko pilotan bi edo hiru enpresa zeuden, bakoitza 30 edo 40 pilotari ingururekin. Erremontean ere pilotari ugari zeuden, zesta-puntan are gehiago, eta pilota-modalitateek presentzia handiagoa zuten Amerikan eta beste merkatu batzuetan. Pilotari gehiago izateak partida gehiago esan nahi zuen. Eta partida gehiago izateak pilota gehiago behar izatea.
Gaur egun, ordea, profesionalen mundua askoz txikiagoa da. Oterok azaltzen duenez, esku pilotan bi enpresa profesional baino ez daude, bakoitza 25 pilotari ingururekin. Zesta-puntak azkenaldian susperraldiren bat izan duen arren, beste modalitate batzuk egoera zailagoan daude. Erremontea “desagertzear” dagoela dio, eta palaren egoera ere halakoxea dela.

Horrek guztiak eragin zuzena du pilotagilearen lanean. Partida bakoitzeko behar den pilota kopurua ez da aldatu, baina partida kopurua jaitsi bada, merkatu potentziala ere txikiagoa da. Telebistak, gainera, beste errealitate bat sortzen du: “Gaur egun, telebistarekin dirudi partidu asko jokatzen direla, baina pantailan dagoen presentzia ez da nahikoa garai bateko jarduera-maila berreskuratzeko”, dio Oterok.
Pilota praktikatzen den bitartean, negozioak badu etokizuna
Hala eta guztiz ere, Oterok etorkizuna ikusten dio pilotagintzari. Duela 10 edo 15 urte “pilota sintetikoak sortzeko saiakerak” egin zirela gogorarazi du Alkizan jaiotako pilotagileak, “diru-laguntzen babesarekin”. Horrelako produktu batek aurrera egingo balu, pilotagile tradizionalen lana desagertu egingo litzateke. Baina saiakerek ez zuten emaitzarik eman. Arrazoia pilotaren berezko konplexutasunean dago: “Pilotaren portaera, botea, soinua eta gainerako ezaugarriak ezin dira erraz erreproduzitu beste material batekin. Horrek gure lana ezinbestekoa eta bakarra bilakatzen du”.
Juan Carlos Otero: “Pilotaren portaera, botea, soinua eta gainerako ezaugarriak ezin dira erraz erreproduzitu beste material batekin. Horrek gure lana ezinbestekoa eta bakarra bilakatzen du”
Horregatik, nahiz eta arlo profesionalean egoera ez den historiako hoberena, piloten beharra dagoen bitartean, pilotagintzaren negozioak bizirik jarraituko du, eta Otero bezalako artisauen lana ezinbestekoa izango da, pilotagileek lortzen duten produktua ez baitago imitatzerik: bakarra da. Hori da pilotagintzaren baliorik handiena, artisautza-negozioa bizirik mantentzen duena.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta