• EKONOMIA
  • Pisu turistikoen BEZa % 21era igoko du Madrilek

Pisu turistikoen BEZa % 21era igoko du Madrilek

Elma Saiz ministroak etxebizitzaren egoerari aurre egiteko neurri sorta iragarri du: "anbiziotsua eta transbertsala"

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 29a - 16:50

Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak erabaki du etxebizitza turistikoen gaineko BEZa %21era igotzea. Etxebizitzaren gaineko neurri sorta baten barruan hartutako erabakia da, Elma Saiz Espainiako Gobernuaren bozeramaile eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak argitu duenez.

 

PSOEk eta Sumarrek adostutako errege lege-dekretu bidez aktibatu nahi dituzte neurriok, eta horretarako Diputatuen Kongresuan "akordio zabal" bat lortu nahi dute.

Saizek adierazi du legea "anbiziotsua eta transbertsala" izango dela, eta azken agintaldian alderdi politikoek egin dituzten proposamenak bildu nahi dituztela. Besteak beste, alokairuen prezioa jaistea, kontratuei egonkortasuna ematea eta iruzurraren aurka egitea izango du helburu araudiak. Era berean, sasoiko eta logelen alokairuak arautzea aurreikusten du eta alokairuen ezohiko luzapena ezarriko du.

 

Etxebizitza turistikoen gaineko BEZa % 21era igotzeaz gain, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea ere izango du xede lege berriak.