Portua EAEko motor sozioekonomiko gisa: lehiakortasuna, fiskalitatea eta enplegua

Bilboko Portuak %8ko ekarpena egiten dio EAEko BPGari, eta %17 Bizkaikoari. Portu orok jarduera ekonomikoa sortu eta eskualdearen lehiakortasuna areagotzen du

Bilboko portua | Argazkia: iStock Bilboko portua | Argazkia: iStock

Portuak lurraldeen lehiakortasunerako dinamizatzaile estrategikoak izan dira bai historikoki eta bai gaur egunean ere. Haien jarduerak eskualde baten hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna bultza eta baldintza ditzake. Gurean, Bilboko Portua dugu EAEko portu-egitura nagusia. Azaroan, Itunak seminario berezia prestatu zuen, Bilboko Portuak argitaratu berri duen “Estudio del impacto económico del Puerto de Bilbao” azterketa-lanaren aurkezpena egiteko UPV/EHUn. Ikerketa honek Portuak EAEn eta bere "hinterland"-ean daukan pisu ekonomiko eta fiskal garrantzitsua agerian jartzen du. Jarraian, aurkezpenaren eta ikerketaren zenbait zertzelada eskaintzen dira.

Bilboko Portuaren eginkizun nagusien artean logistika eta garraioa, industria eta energia, gurutzaontziak eta ferryak, eta inbertsio publiko eta pribatuak daude. Bilboko Portuak Barne Produktu Gordinari (BPG) egiten dion ekarpena eskualdean banaketa- eta logistika-zentro gisa duen zereginari dagokio, eta % 8 inguru laguntzen dio EAEko BPGari eta % 17 inguru Bizkaikoari. Portuan jarduten duten enpresek enplegua sortzen dute eta beste enpresa batzuen ondasunak eta zerbitzuak erosten dituzte eskualdean, eta horrek, aldi berean, enplegu eta jarduera ekonomiko gehiago sortzen ditu. Gainera, portua nazioarteko merkataritza-zentro garrantzitsua da, eskualdeko enpresek beren produktuak beste herrialde batzuetara portuaren bidez esportatu dezaten.

Baina, nola islatzen da hori enpleguari dagokionez? Portuan kokatutako industria- eta energia-enpresen jarduerak 50.000 enplegu baino gehiago mantentzen laguntzen du zuzenean, zeharka eta induzituta. Enplegu horiek ezinbestekoak dira tokiko ekonomiarako, eta portuak enplegu-sortzaile gisa duen garrantzia erakusten dute.

Portuan kokatutako industria- eta energia-enpresen jarduerak 50.000 enplegu baino gehiago mantentzen laguntzen du zuzenean, zeharka eta induzituta

Bilboko Portuak Bizkaian duen eragina esanguratsua da, eta, enpleguaz eta balio erantsi gordina sortzen laguntzeaz gain, diru-bilketan ere pisu garrantzitsua du. Bilboko Portuak Bizkaiko diru-bilketaren %23 hartzen du, eta 1.841 milioi euroko zerga-itzulkina du. Horietatik, hidrokarburoen gaineko zergaren diru-bilketa 1.239 milioi eurokoa da. EAEren kasuan, diru-bilketaren %13 hartzen du, eta 2.003 milioi euroko zerga-itzulkina du.

Gainera, Bilboko Portuak "hinterland"-eko gainerako lekuetan duen eragina nabarmena da, enplegua, zerga-bilketa eta balio erantsi gordina sortzen laguntzen baitu. "Hinterland"-a portuaren atzean dagoen eremu geografikoa da, eta errepidez, trenbidez edo ibai-bidez lotuta dago. Hain zuzen ere, Portuko jarduerak “eragin biderkatzailea” eragiten du garraioaz gain beste sektore batzuetan, eta Bilboko Portutik merkantziak ateratzeak eragin positiboa du beste sektore batzuetan eta zonaldeko errenta mailan.

Etorkizunari begira, Bilboko Portuak, lehiakorra izaten jarraitzeko, hainbat erronkari egin beharko die aurre: Europako Batasuneko deskarbonizazio-politikak, errepideetako pilaketa eta errepideko garraiolarien eskasia. Erronka horiei aurre egiteko, intermodalitatearen aldeko apustua jarri zen mahai gainean: itsasoko, trenbideko eta errepideko garraioa konbinatuz, merkantzien garraioaren eraginkortasuna hobetzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.

Ideia da errepideak garraioan duen garrantzia 200-300 km-rainoko distantziara mugatzea. Hortik aurrera, trena erabiliko litzateke distantzia ertainetarako eta itsas garraioa distantzia luzeetarako

Intermodalitateak errepideetako auto-pilaketa murrizten eta Bilboko Portuaren eta beste portu eta Europako eskualde batzuen arteko konektibitatea hobetzen lagun dezake. Ideia da errepideak garraioan duen garrantzia 200-300 km-rainoko distantziara mugatzea. Hortik aurrera, trena erabiliko litzateke distantzia ertainetarako eta itsas garraioa distantzia luzeetarako.

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, Bilboko Portuak posizio ona du aukera horiek aprobetxatzeko, baina garrantzitsua da eragileek eta erakundeek estrategia eta jardun-ildo berean lerrokatuta egotea eta etorkizuneko proiektua zein den argi izatea. Portua eta haren inguruan sortutako azpiegitura logistikoak aurkeztutako erronkei eta bereziki deskarbonizazio prozesuari era lehiakorrean aurre egiteko aukera eskaintzen du. EAEn daukagun industriaren jarraipena bermatu eta are industria gehiago erakartzeko tartea badago, eta baikorrak izateko eta aukera horiei aurre egiteko arrazoiak ere badaude.

Ikerketaren aurkezpen osoa ikusi nahi izanez gero, online aurkitu dezakegu hurrengo estekan:  Puerto de Bilbao_Motor socioeconómico

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK