Miramarreko ohiko hitzorduarekin eman dio hasiera Eusko Jaurlaritzak ikasturtearekin. Gobernu Kontseiluko lehen bilera egin dute bertan sailburuek eta Lehendakariak, eta azken horrek agerraldia egin du ostean. Ceutako migratzaileen krisiaz luze eta zabal aritu da Imanol Pradales, krisi "humanitario eta politiko" gisa definitu du Espainiako hiri autonomoan bizitakoa eta "elkarrizketarako deia" egin du.
Aitzitik, gai ekonomiko ugari ere jarri ditu mahai gainean, horietako batzuk hizketa gai izango dituenak iraileko lehen hamabostaldian eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin egin nahi duen errondan. Horietako bat egoera ekonomikoaren balorazioa partekatu, eta hazkunde eta enplegu ikuspegitik analisia egitea izango da, tartean 2027ko aurrekontuetarako ildoei, inflazioak eta hark poltsikoetan duen eraginari, eta industriaren defentsarako taldeak hartutako neurrien balorazioari buruzkoa. Azken horren testuinguruan, ezohiko laguntza lerroa onartu du gobernu kontseiluak, zehazki, 1,5 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa, Ormuzeko itsasarteko egoerak kolpatu dituen gizarte-ekonomiako enpresentzat.
Aldaketa klimatikoak ekarritako kolpeez ere aritzea da asmoa, zehazki, lehorteak gogor kolpatu duen lehen sektorea laguntzeko neurriei buruz. Lehendakariak aurreratu du sektorearekin bilera irailaren 1erako bertarako dagoela deituta. Gogoratu behar da hitzordua ordurako uzteak abeltzainen haserrea piztu zuela, belarraren faltan, abereei udazkenerako eta negurako gordetako bazka ematen ari zaizkielako janari gisa.
Momentuz, gaur lehen sektorearen jarduerari bultzada emateko laguntza onartu ditu gobernu kontseiluak. Lehena, 241.000 zuzkidura ekonomikoa, izaera sindikaleko nekazaritzako erakunde profesionalen jarduera laguntzeko, elkarrizketa soziala sustatu eta informazio, orientazio eta aholkularitza jarduerak bultzatzeko. Bigarrena, Ikerbat programa, 2,7 milioi euroko zenbatekoa izango duena ikerketa, garapena eta berrikuntza egiteko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-katean. Horrekin batera, arrantza ontzietan ikasleek praktikak egin ditzaten laguntzera 98.700 euro bideratuko ditu.
Autogobernua indartzea eta bestelako ekimenak, elkarrizketen parte
Iraileko lehen hamabostaldian eragile sozioekonomikoekin eginiko bileretan, beste bi gai marko jorratuko dira. Batetik, autogobernuaren sendotzea izango da, eta transferentzien gaiari ere eustea. Horren baitan, Pradalesek adierazi du datorren astean bertan bilduko dela Maria Ubarretxena sailburua Angel Víctor Torres Lurralde Politikarako ministroarekin. Bilera horren helburua izango da negoziazioekin jarraitzea. Mahai gainean egun dauden gai nagusiak honakoak dira: esparru soziolaboralari dagozkionak (kotizaziopeko prestazioak, FOGASA, mutua, gizarte segurantza), Bilboko eta Pasaiako portuei dagozkionak eta udalerrietako hauteskunde erregimena.
Bestetik, ekonomia, industria, euskara edota etxebizitzari buruzko ekimenez ere solastuko da lehendakaria eragile sozioekonomikoekin. Adibide bezala etxebizitzarako funts soziala aipatu du, "egiturazko arazo" bati aurre egiteko. Zentzu horretan, "adostasunak bilatzeaz" aritu da, inbertsio publiko eta pribatuak katalizatzaile bezala funtziona dezan.
Sindikatuen hauteskundeak edota ekintzailetza, diruz lagundutako beste jarduerak
Arestian aipatutakoez gain, beste hainbat dirulaguntza lerro onartu ditu gaur Jaurlaritzaren Gobernu kontseiluak. Horietako bat 1.666.776 euroko zuzkidura ekonomikoa da, sindikatu eta enpresa erakundeentzako. Diru horretatik, 829.539 euro erakundeetako pertsonen kualifikazioa hobetzeko izango dira; beste 837.237 euro, berriz, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen hauteskundeetara, bakoitzak kopuru bera jasoko duelarik.
Bestalde, 251.000 euroko zuzkidura izango duen laguntza onartu du lanbide heziketako itunpeko zentro pribatuetan kultura ekintzailea sustatu dadin. Horri esker, azken mailan dauden ikasleek enpresa simulazioko proiektuetan parte hartu ahalko dute.
Azkenik, 360 Retail Programa Jasangarria izenekoa da. EAEko retail sektorearen esparruan sentsibilizazioa egin, eta prestakuntza eta laguntza posible egiteko lerroa da, ekonomia zirkularrerako trantsizioa egin eta errentagarritasuna, irudia eta ospea hobetu dezaten. Zenbatekoa 95.000 eurokoa da, merkataritza ganberek kudeatuko dutena.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta