BilbaoDendak plataformak presidente berria du: Luis Arbiol. 2019tik erakundeko buru izan den Rafael Gardeazabalen lekukoa hartuko du Arbiolek, atzo eginiko ez ohiko batzarrean hala erabakita.
Bilboko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresak biltzen ditu BilbaoDenda plataformak, eta Asociación de Comercios, Hostelería y Empresas del Casco Viejo de Bilbao elkarteko ordezkaria da Arbiol. Ultramarinos Gregorio Martín dendan egiten du lan.
BilbaoDendakek jakinarazi duenez, Arbiolek “konpromiso sendoa” azaldu du tokiko merkataritzarekiko, eta gaitasun handia du “administrazio publiko eta eragile estrategikoekin” harremanetan aritzeko. "Bere esperientziari esker, sektorearen benetako beharrak sakon ezagutzeko aukera izan du eta hiri-ekosistema beraren barruan askotariko interesak kudeatzeko konplexutasuna ere ezagutzen du. Bere ikuspegia merkataritzaren ikuspegi global eta integratzailetik abiatzen da, Bilboko bizitza ekonomiko, sozial eta hiritarreko funtsezko elementu gisa ulertuta”, adierazi du plataformak.
Arbiolek, bere aldetik, nabarmendu du garrantzitsua dela tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartuko duten elkarteen, sektoreen eta auzoen arteko lankidetza sustatzea, plataformak “hiriko eredu komertzialaren definizioan paper aktiboa eta propositiboa izan dezan".
Egun, Bilbon 3.895 komertzio, 2.382 ostalaritza establezimendu eta 1.257 zerbitzu saltoki daude, hiriko BPGaren %11, hain zuzen, eta guztira 14.200 lagunek egiten dute lan sektorean.
Bilbao Dendak plataformaren kide dira hiriko 13 merkataritza elkarte, El Corte Ingles, Erribera eta Zubiarteko merkatuak, Bilboko Merkataritza Ganbera eta Bilboko Udala.