INEk argitaratutako datuen arabera, Nafarroan eta EAEn prezioak %0,4 igo ziren urrian, aurreko hilabetearekin alderatuta. Urte arteko inflazioa, berriz, %4,8koa izan zen bi eremuetan. Hala ere, produktuen eta zerbitzuen prezioen bilakaera ez da berdina izan lurralde batean eta bestean.
Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk izan dira prezioetan alde handiena erakutsi dutenak: azken urtean %10,4 garestitu dira Nafarroan, eta %6,4 EAEn. Garraioaren prezioak ere nabarmen igo dira, %9,6 eta %9,9, hurrenez hurren. Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien kasuan, ordea, igoera handiagoa izan da EAEn (%3,3) Nafarroan baino (%2,5).
Beste zenbait arlotan ere aldeak daude. Jatetxe eta ostatu zerbitzuak %4,8 garestitu dira EAEn, eta %2,8 Nafarroan. Aisialdiko, kiroleko eta kulturako jarduerek, berriz, %4,3ko igoera izan dute bi eremuetan. Jantzien eta oinetakoen prezioek, aldiz, %0,3 egin dute gora EAEn urtebetean, eta %2,4 Nafarroan.
Hilabete arteko bilakaerari erreparatuta, arropa eta oinetakoak izan dira gehien garestitu direnak urrian: %6,4 EAEn eta %6 Nafarroan. Jatetxe eta ostatu zerbitzuen prezioek, aldiz, behera egin dute bi eremuetan, %1,2 EAEn eta %0,5 Nafarroan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta