Ez da aparteko aldaketatik izan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren konfiantzan. Laboral Kutxak gaur aurkeztutako azken txostenaren arabera, zuhurtzia da nagusi, are, zertxobait apaldu da konfiantza (-2), aurreko hiruhilekoaren aldean, eta egun -6 puntukoa da, neutraltasunetik (0) behera.
Ezkortasun hori, ordea, Europako beste herrialdeetakoa baino xumeagoa da. Frantziako (-18), Danimarkako (-13), Herbehereetako (-14) edo Alemaniako (-10) herritarrak nabarmen ezkorragoak dira. Kontinenteak bizi duen ziurgabetasun ekonomikoaren adierazle da. Oro har, biztanleek ez dute hazkunde ekonomiko handirik aurreikusten.
Ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako familien konfiantza oso baldintzatuta dago ekonomia orokorraren bilakaerari buruzko ezkortasunagatik (-22), nabarmen okertu baita 2024ko laugarren hiruhilekotik (-13). Kontuan hartu beharra dago, Eustaten arabera, EAEko hazkunde ekonomikoa %2 ingurukoa izango dela 2025ean, eta lan-merkatuari dagokionez, 1.021.009 pertsona afiliatu daudela Gizarte Segurantzan eta 106.894 langabe, “bilakaera positiboa” duelarik, finantza erakundearen arabera.
Ezkortasuna nagusi
Prezioek gora egiten jarraitzen dutela eta, kezkatuta dira EAEko biztanleak (-18 puntuazioa eman diote gai honi), inflazioak %2tik gora jarraitzen duelako, besteak beste. Dena den, erosketa handiak egiteko itxaropena badago (2), nahiz eta oso handia ez izan.
Etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa izaten jarraitzen dute inkestatutako gehienek, baina ez epe laburrean. Horren adierazle da etxebizitzen salerosketaren gorakada (urtarriletik uztailera 15.379 eragiketa egin dira, iazko epe berean baino %25 gehiago). Ibilgailuen salmentak ere gora egin du, 9.623 unitate saldu baitira abuztura bitarte, iazko epe berean baino %19,6 gehiago.
Gehiengo nabarmenak ez du asmorik etxebizitza (%97,7) edo autoa (%92,5) erosteko hemendik urtebetera
Herritaren gehiengoak (%47) uste du hurrengo hamabi hilabeteetan prezioak oraingo erritmo berean haziko direla; %35ek, aldiz, azkarrago haziko direla iritzi dio, eta soilik %18k espero du prezioaren hazkundea moteltzea. Hein horretan, gehiengoak dio etxebizitza erosketak “berdintsu” mantenduko direla datozen hamabi hilabeteetan, eta gehiengo nabarmenak ez du asmorik etxebizitza (%97,7) edo autoa (%92,5) erosteko hemendik urtebetera.
Txostenak ondorioztatzen du prezioak orain hiru urte baino “dezente altuagoak” izanda ere, ez direla oztopo izaten kontsumo nahiz inbertsioa berreskuratzeko. Izan ere, aurrezkiak baliatu dituzte EAEko etxebizitzek, eta horrek “modu positiboan” eragiten dute etxebizitzen konfiantzan.