Gaindegiak Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa xehetasunez aztertu du beste urtebetez, eta datuok abiapuntu 2026ko adierazleen galeria ondu du, gaur Bilbon aurkeztuko duena eta EnpresaBIDEA hedabideari esklusiban aurreratu diona.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Oraingoan ere bost ardatz hartu ditu oinarri: demografia, ekonomia, gizartea, kultura eta hizkuntzak, eta ingurumena. Gainera, lurraldeko adierazleak Europako estatu eta erregioekin alderatu ditu, errealitate osoaren ikuspegi integratua eskainiz.
Demografiari migrazioak eutsi dio
Euskal Herriko errealitate demografikoak eraldaketa sakona bizi du. 2023an, herrialdeak 3.200.870 biztanle zituen guztira, 1999an baino %10,3 gehiago. Datu orokorrari erreparatuz gero, baina, muturreko desorekak estali egiten dira.
2014tik jaiotzen direnak baino herritar gehiago hiltzen direla urtero. Jaiotza-tasak %10,2ko langa jo zuen 2008an, eta ordutik beheranzko joera geldiezina izan du: 2024an %6,1era jaitsi zen. Europako 40 estaturen artean, jaiotza-tasa apalenetan bigarrena da, Monakoren atzetik soilik. 2023ko erreferentzia hartuta, 20.428 jaiotza eta 31.764 heriotza gertatu ziren herrialde osoan; datuok soilik hartuta, beraz, saldoa -11.336 pertsonakoa izan zen, -%3,5koa.
Bada argazki horretan, baina, datua positibora eraman duen elementu bat: migrazioa. Kanpokoen etorrerak datua orekatu du. Hego Euskal Herrian, 2024an 31.156 pertsonako saldo migratzaile positiboa erregistratu zen (%10,7 mila biztanleko). 2022tik 2024ra bitartean, 89.695 pertsona gehiago iritsi ziren joan zirenak baino. Saldo horri esker, 2024an biztanleria 20.222 lagunetan handitu zen Hegoaldean, berezko hazkundeak utzitako -10.934ko galera gaindituta.
Testuinguru demografikoak, beraz, bi elementu berri jartzen ditu mahai gainean: jatorriaren dibertsifikazioa eta zahartzea. Gaur egun, euskal herritarren %32,3 bertatik kanpo jaioak dira (2022ko datua), Europako estatuen artean hirugarren proportziorik handiena Liechtenstein eta Luxenburgoren atzetik. Aldi berean, 65 urtetik gorakoak herritarren %24,2 dira (2025ean emakumeen %27,1 eta gizonen %22 Hegoaldean), eta Europako biztanleria zaharrenen artean kokatzen da herrialdea.
Industriaren sendotasuna eta manufaktura pisuaren garrantzia
Ekonomia aldagaietara salto eginda. Euskal Herriko barne-produktu gordina biztanleko 42.332 eurokoa izan zen 2023an EAPeko datuen arabera, 2020an izandako kolpetik errekuperatzen joan baita. Denetan, Araba da diru gehien duen lurraldea 46.860 euro, eta segidan dira, hurrenez hurren, Gipuzkoa (43.816 euro), Bizkaia (42.933 euro) eta Nafarroa Garaia (41.517 euro); Ipar Euskal Herria (33.937 euro) gainerakoen azpitik dago, modu nabarmenean.
Abiapuntua hori izaki, industria izan ohi da euskal ekonomiaren nortasun ikur nagusienetakoa. 2023ko datua abiapuntu hartuta, jarduera industrialak balio erantsi gordinaren ia laurdena sortu zuen: %24,1 Euskal Herri osoan 2023an. Bertan, bereziki aipagarria da manufaktura-industriaren pisua: balio erantsiaren %21,1 sortzen du zuzenean.
Posizio hori Europako testuinguruan kokatzen bada, datuak aipagarriak dira. Izan ere, kontinente zaharreko 33 estatuetatik 5. posizioan kokatzen da Euskal Herria, Irlanda, Txekia, Eslovenia eta Turkiaren aurretik. Era berean, Gaindegiako adierazleen galeriak dio Alemania (%20,7), Polonia (%20,1), Danimarka (%18,5), Italia (%17,2), Frantzia (%10,9) eta Espainia (%12,0) bezalako herrialdeen manufaktura-ekarpena gainditzen duela.
Hala ere, aipatzekoa da ezberdintasun nabarmenak daudela lurraldeen arteko egituran. Industriaren ekarpena oso handia da Nafarroa Garaian (balio erantsiaren %29,9), Araban (%29,5) eta Gipuzkoan (%27,7); Bizkaian (%19,1) eta Ipar Euskal Herrian (%13,8), aldiz, zerbitzuek hartzen dute pisu nagusia.
Industria-establezimenduei dagokienez, batez beste 18,2 langile dituzte (2024ko datuaren arabera), eta horrek Europako 31 estaturen artean 4. postuan jartzen du Euskal Herria, Luxenburgo (33,0), Alemania (32,2) eta Danimarkaren (18,9) atzetik.
Lanaren produktibitate errealaren galera eta lan-kostuen igoera
Industria-egitura sendoa eta aberastasun orokorra izan arren, euskal ekonomian ahulezia larria antzeman daiteke lanaren produktibitatearen eboluzioan. Termino nominaletan, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea 51,4 eurokoa izan zen Hego Euskal Herrian 2024an (50,0 euro 2023an). Alabaina, KPIaren gorabeherako albo batera uzten dituen ekoizkortasun errealean moteltzea nabari da, %3,7 besterik ez dena hazi, 2000tik 2015era %26 handitu ostean.
Hori gutxi balitz, lan kostu unitarioak ere garestitu egin dira, %23,4 zehazki 2015etik. Horrek esan nahi du ekoitzitako unitate bakoitzeko lan-kostua nabarmen handitu dela, ekoizpen-eraginkortasuna erritmo berean hobetu ez delako
Hala ere, nahiko egonkor mantendu da lan-kostuak balio erantsi gordinean duen pisua, %61en bueltan. Soldatapeko bakoitzeko batez besteko ordainsaria 46.813 eurokoa izan zen 2024an. Termino nominaletan %22 hazi da 2015etik.
Produktibitate errealaren motelaldiak erronka zuzena dakar euskal enpresen lehiakortasunerako, lan kostuak handitzen ari diren testuingurua erreala izanik hazkunde eredua kinka larrian izan baitaiteke.
Kooperatiben eredua: gizarte-ekonomiaren nagusitasuna Europan
Euskal Herriko eredu sozioekonomikoaren bereizgarri nagusietako bat kooperatiben pisua da. Gaindegiako adierazleen galeriak argi mahaigaineratzen du gizarte ekonomiak erro sakonak dituela lurraldeko egitura produktiboan eta enplegu sorreran. Azken honi erreparatuta, landun guztien %4,7 ari dira kooperatibetan lanean, 2023ko datuaren arabera. 72.320 lanpostu zuzen dira. Proportzioa aintzat hartuz gero, enplegu kooperatiboaren proportzioan lehen postuan dago Euskal Herria.
Aipatzekoa da enpresa mota horren kontzentrazioa bereziki nabaria dela Gipuzkoan eta Bizkaian, zeinetan landunen %6,5 kooperatibetan ari diren lanean. Nafarroa Garaian proportzioa %3,0koa da, Araban %2,2koa, eta Ipar Euskal Herrian %1,2koa. Txostenak honako hausnarketa ere jasotzen du: enpresa demografian sorrera tasa apala —%8,2koa 2023an— bada ere, kooperatiba-mugimenduak egonkortasun handia eman dio ehun ekonomikoari, kalitatezko enpleguari eta lurralde-errotzeari eutsiz krisi garaietan ere.
Inoizko okupazio onena eta goi mailako prestakuntza
Gizarte-arloan, enpleguaren hedapena eta hezkuntza-mailaren gorakada dira azken urteetako adierazlerik sendoenak. Hego Euskal Herrian, 15 eta 64 urte bitartekoen okupazio-tasak errekor historikoa erregistratu du 2025ean, %71,9ra iritsiz. Maila horrek 2008ko finantza-krisiaren aurreko gailurra (%69) berreskuratu du, eta 2013ko zorupetik (%62,1) ia hamar puntuko errekuperazioa eduki du.
Bilakaera horretan, genero arrakalaren murrizketa gertatzen ari da. Emakumeen eta gizonen okupazio-tasen arteko aldea laurdenera gutxitu da azken bi hamarkadetan. 55 eta 64 urte bitarteko biztanleen okupazio-tasa nabarmen handitu da, %39,3tik %66,4ra igaro baita. Eta Europako 35 estaturen artean, okupazio-tasa 20. postuan kokatzen da
Okupazioaren hazkunde horren oinarrian, galerian jasotzen denez, hezkuntza gaitasun handia dago. Hego Euskal Herrian, 25 eta 64 urte bitarteko herritarren %56,4k goi mailako ikasketak ditu. Emakumeen hezkuntza-maila bereziki nabarmena da: Hego Euskal Herrian 25-64 urteko emakumeen %61,1ek goi mailako ikasketak egin ditu. Zentzu horretan, Irlandaren atzetik Europako zifra onena duen lurraldea da gurea.
Bizi-kostua, errentaren hazkundearen mugak eta pobrezia-arriskua
Makroekonomiaren eta enpleguaren zifrek errealitate positiboa marrazten duten arren, herritarren erosahalmenak eta gizarte-kohesioak tentsio larriak pairatu dituzte inflazioaren ondorioz.
Etxeen errenta erabilgarria biztanleko 26.078 eurokoa izan zen (EAP) Hego Euskal Herrian 2023an; 2021eko datuaren arabera, 20.880 euro Euskal Herri osoan. Hala ere, diru-sarreren hobekuntza horren zati handi bat prezioen igoerak irentsi du. Batetik, ezin baita ahaztu 2021etik 2025era bitartean, kontsumo prezioak %18,8 igo direla: Bizkaian %19,1, Gipuzkoan %18,9, Nafarroa Garaian %18,7 eta Araban %17,7.
Bizi-kostuaren gorakadak zaurgarritasun egoerak iraunarazi ditu. Hego Euskal Herriko biztanleen %15,1 pobrezia edo bazterkeria arriskuan dago. Gaindegiaren txostenak jasotzen du zifra hori Europako hirugarren txikiena bada ere, herritarren poltsa esanguratsu batek bazterketa pairatzen duela. Era berean, hemen ere joera kontrajarriak daude lurraldeen arabera: EAEn pobrezia-arriskua %17,2tik (2015) %14,7ra (2025) murriztu den bitartean, Nafarroa Garaian bilakaera negatiboa izan da: 2019ko %12,4tik 2025eko %16,5era igo da pobrezia edo bazterkeria arriskuan dagoen biztanleria.
Desberdintasunak neurtzeko balio duen Gini indizea 29,6koa da Hego Euskal Herriarentzat.
Ingurumen-erronkak: energia-intentsitatea, berriztagarrien kuota eta birziklatzea
Urte batzuk igaro dira Gaindegiak ingurumen erronkak bere adierazleen galerian txertatzen hasi zenetik. Eta kasu honetan ere, argi-ilunak agerikoak dira.
Batetik, energiaren erabileran eraginkortasuna lortu da. Hauexek dira zifrak: 2024an, energia-intentsitatea 77,7 tep-koa (tona petrolio baliokide milioi euroko) izan zen, 2014an baino %20 gutxiago (97,1 tep).
Hala ere, Euskal Herriko trantsizio ekologikoak kontraesanez betetako argazkia erakusten du. Izan ere, ekonomiak eraginkortasun handiagoa lortu du energiaren erabileran, baina, bestetik, energia garbien ezarpenean eta hondakinen kudeaketan Europako helburuetatik urrun jarraitzen du. Lehenengoari dagokionez, hobekuntza eraginkorrak gorabehera, energia berriztagarrien kuota azken energia-kontsumo gordinean %22,3koa baino ez zen Hego Euskal Herrian 2023an. Hala eta guztiz ere, lurraldeka arrakala izugarria da: Nafarroa Garaian berriztagarriek kontsumoaren %28,3 hartzen dute (eta 3.688 watt berriztagarri instalatuta ditu biztanleko), EAEn berriz kuota %20,4koa da.
Geldialdia izaten ari da, halaber, hiri-hondakinen birziklapenean. Zifratan ikusteko: Hego Euskal Herrian, hiri-hondakinen %44,8 biltzen da gaika (2023ko datua). Zifra hori 2010eko %32,6tik igo bada ere, 2018az geroztik tasa erabat geldirik dago. Birziklatze erreala —errefusa kenduta— 9 puntu inguru baxuagoa da, eta Europako Batasunak 2025erako finkatutako %55eko birziklatze-helburutik oso urrun dago herrialdea.
Profil produktiboaren sendotasuna ez da nahikoa egiturazko erronkak tarteko
Euskal Herriko egitura sozioekonomikoak indargune nabarmenak eta ahulezia sakonak uztartzen dituen panorama konplexua erakusten du. Alde batetik, profil produktiboak sendotasun berezia du: manufaktura-industriak balio erantsian duen pisua Europako handienen artean dago, langileen hezkuntza-mailak maila gorenak lortu ditu, okupazioak marka historikoak erregistratu ditu eta kooperatiba-sektoreak kontinente mailako eredua eratzen du. Bestetik, errealitate horren azpian egiturazko erronka garrantzitsuak daude: azken hamarkadan lanaren produktibitate errealak izandako geldialdia, bizi-kostuaren garestitzeak eragindako errentaren higadura, biztanleriaren galera naturala estaltzen duen dinamika demografikoa, eta trantsizio ekologikoan energia berriztagarriek nahiz hondakinen birziklatzeak erakutsitako atzerapena.
Herrialdearen egoerak garapen ekonomikoaren eta oreka sozial nahiz ingurumenekoaren arteko harremanak birpentsatzeko beharra mahai gainean jartzen du, bereziki Europako testuinguru zabalagoarekin alderatuta.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta