Produktibitateaz bi hitz

“Produktibitatea ez da guztia, baina epe luzera ia guztia da. Herrialde batek bere bizitza-maila hobetzeko duen gaitasuna, langileko ekoizpena igotzeko gaitasunaren menpe dago ia osorik”. | Paul Krugman, Ekonomiako Nobel Sariduna 2008

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Iñaki Erauskin Iurrita irakaslea da Deusto Business Schooleko Donostiako Campusean; Oskar Arantzabal Iraeta, berriz, Nazioarteko Ekonomialaria da Udako Euskal Unibertsitatean eta ekonomistak Euskara Komunitateko kidea.

Biztanleko errenta da ongizate materialaren aldagairik erabiliena. Barne Produktu Gordina (BPG) zati biztanleriaren kopurua da berau kalkulatzeko modua. Industria Iraultzaren ondoren, baina bereziki Bigarren Mundu Gerraren ostean, egundoko gorakada izan zuen eta petrolioaren krisiaren ondoren areago igotzen joan da, baina oso modu gorabeheratsuan. Gainera bi krisi gogor jasan ditugu, 2009an eta 2020an, eta horren ondorioak oraindik ere pairatzen ditugu.

1. taulak Europako Batasuneko herrialdeen biztanleko errentaren bilakaera jasotzen du 2000. eta 2022. urteen artean. Europako Batasuneko batez bestekoa=100 hartuta eta eros ahalmenaren parekotasunean neurtuta, hau da, herrialde aberatsek prezio altuagoak dituzte eta pobreagoak txikiagoak, kontuan eduki beharrekoa konparazioak ondo egiteko.

Oso nabarmen ikusten da Europako Ekialdeko herrialdeen posizio erlatiboa asko hobetu dela, eta Mendebaldeko Europako herrialdeenak berriz okerrera egin duela. Neurri batean espero zitekeena da: bateratze edo konbergentzia deitzen zaio. Ekonomia planifikatutako herrialde gehientsuenen trantsizioa arrakastatsua izan zen eta gainera 2004ean Europako Batasunean sartzean beste bultzada bat eman zion trantsizio horri. Eransteko modukoa, burbuilak sortutako krisi finantzarioak erlatiboki gutxiago kaltetu zituen.

1. irudian argiago ikus daiteke konbergentziaren prozesua goiko datuetan oinarrituta. Goian eta ezkerrean daude gehienbat Ekialdeko EBko herrialdeak, biztanleko errentaren hazkunde handia eta hasierako (2000. urtea) biztanleko errenta erlatibo txikia. Eta behean eta eskuinean Mendebaldeko EBkoak, biztanleko errentaren hazkunde negatiboa eta hasierako biztanleko errenta erlatibo handia. Gu bigarren multzo honetan gaude. Irlanda eta Luxenburgo falta dira irudian oso kasu bereziak eta ez adierazgarriak direlako.

1. Taula. Biztanleko Barne Produktu Gordina (eros ahalmenaren parekotasunean), 2000 eta
2022 urteetan, eta urte horietan gertatutako aldakuntza

Taula 1
Iturria: Eurostat eta egileek landua

 

bpg biztanleko 2000
Iturria: Eurostat eta egileek landuta.

 

Berriki egindako ikerketa batean, Oriol Aspachs eta Erik Solé ikerlariek erakutsi dute Europako Batasunean bi abiadura daudela: bata, Erdialdeko korridorea (Danimarka, Herbehereak, Belgika, Austria eta Alemania), gero eta konbergenteago direnak beraien artean, eta bestea gainerako herrialdeena.

Salbuespen nabarmen bat dago, gure euskal ekonomiari dagokiona, politika industrialaren birformulazioari esker. Zentzu horretan "anomalia geografiko” bat gara eta, askoren harridurarako, Alemaniako merkatu boteretsuari gehiago esportatzen diogu inportatzen dioguna baino, nahiko ezohikoa dena. Kontuan izan behar da euren ondorioak orduko ekoizkortasunean oinarritzen dituztela (gehiago hazi dena), eta ez langileko ekoizkortasunean (gutxiago hazi dena).

1997-2022 urte tartean, Txinaren langileko ekoizkortasuna urtero %7,7 hazi zen eta Indiarena 5,6%; aldiz, Mendebaldeko Europa urtero %0,8

Hori guztia guri eta gure gertuko inguruari dagokio, baina munduan ekoizkortasuna asko hazi da azken urteotan. Duela gutxi argitaratutako txostenean, McKinsey aholkularitza ezagunak oso emaitza esanguratsuak ematen ditu Mendebaldearen gainbehera eta Asiaren gorakadari buruz: 1997-2022 urte tartean, Txinaren langileko ekoizkortasuna urtero %7,7 hazi zen eta Indiarena 5,6%; aldiz, Mendebaldeko Europa urtero %0,8. Horren ondorioz, munduko langileko ekoizkortasunaren hobekuntzaren erdia Txina eta Indiatik etorri da, eta %75 gorantz doazen herrialdeetatik.

Zein da biztanleko errentaren bultzatzaile handiena? Langileen ekoizkortasuna, hau da, BPGa langileko. Eta ekoizkortasunaren igoera funtsezkoa da jendearen ongizatea hobetu dezakeelako. Batez besteko soldatak langileko eta batez besteko langileko ekoizkortasuna oso hertsiki lotuta daude ondorengo erlazioaren bitartez: Batez besteko soldata langileko = Soldaten pisua BPGn x (bider) Batez besteko produktibitatea langileko

Soldaten pisua BPGn %50-65 inguruan mugitzen da. Pisua aldatzen ez bada eta batez besteko langileen ekoizkortasuna %2 igotzen bada urtean (ez da erraza, baina lor daiteke) batez besteko soldatak langileko ere beste horrenbeste igo daitezke termino errealetan (inflazioa kontuan hartu gabe). Esan gabe doa, pisua aldatzen doan heinean, bi aldagaien arteko erlazioa ez dela hain hertsia izango. Hain justu 1995etik aurrera soldaten pisua jaisten joan da, baina azken urteotan egonkortu. Horrek, jakina denez, eragin dezake, eta horrela, nahiz eta ekoizkortasuna hobetu, langile bakoitzeko soldatak ez hobetzea modu berean.

1995etik aurrera soldaten pisua jaisten joan da, baina azken urteotan egonkortu. Horrek, jakina denez, eragin dezake, eta horrela, nahiz eta ekoizkortasuna hobetu, langile bakoitzeko soldatak ez hobetzea modu berean

Berriki ateratako datuetan oinarrituta, Espainiako eskualdeen ekoizkortasunaren bilakaera argitaratu da. Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas (IVIE) eta BBVA Fundazioak duela gutxi argitaratu zuten “El comportamiento de la productividad en España 1995-2022. Informe OPCE 2023” lana. 2. Irudiak erakusten du landuneko BPG errealaren bilakaera 1995-2021 tartean. Nabarmen ikus daiteke ekoizkortasunaren hobetze geldoa krisi finantzarioa baino lehenago Espainian eta EAEn, eta zertxobait hobexeago Nafarroan. 1995etik 2019ra ekoizkortasuna %1 hobetu zen EAEn, %0,70 Nafarroan eta %0,50 Espainian, gutxi gorabehera.

landuen ekoizkortasuna
landuen ekoizkortasuna

 

3. Irudiak Faktoreen Ekoizkortasun Osoa (FEO) erakusten du 1995-2021 tarterako. FEOk lana eta kapitala BPGarekin batera erabiltzen den eraginkortasuna neurtzen du, eta, grosso modo, berrikuntza hurbiltzen du; beraz, hazkundea produktibitatearen hobekuntzei lotuta dago. Ikus daitekeenez, haren portaera oso etsigarria da Espainian, urteko batez besteko % 0,5eko erritmoan murrizten baita 1995 eta 2019 artean. EAEn eta Nafarroan portaera zertxobait hobea da, baina urtean % 0,30 eta % 0,10 baino ez da hobetzen. AEBko edo Alemaniako potentzia handiek garai berean duten portaera askoz hobea da. Eta hor dago gure erronka etorkizunerako.

 

faktoreen ekoizkortasuna
faktoreen ekoizkortasuna

Herrialde txikien arteko kasu bat: Eslovenia

Europako Ekialdearen konbergentzian tamaina desberdinetako herrialdeentzat aukera bera izan da, nahiz herria txikia, ertaina edo handia izan. Esloveniako Errepublika EAEren antzerakoa dugu biztanlegoari dagokionez (2,1 milioi eta 2,2 milioi hurrenez-hurren). 1991eko ekainaren 25an independentzia lortu zuen Jugoslaviatik, gatazka armatu labur baten ondorioz (Hamar Eguneko Gerra deritzona).

Garai hartan Euskal Herriko errenta per capitaren ia erdia zuten: 7.700 eta 13.800 euro, hurrenez hurren, 1995eko datuetan; gaur-gaurkoz hurbildu egin da, 27.400 eta 35.800 eurora, hurrenez hurren, 2022ko datuetan. Hori gutxi ez eta gainera sortutako aberastasuna modu orekatuan banatzen asmatu du Esloveniak

Garai hartan gure errenta per capitaren ia erdia zuten: 7.700 eta 13.800 euro, hurrenez hurren, 1995eko datuetan; gaur-gaurkoz hurbildu egin da, 27.400 eta 35.800 eurora, hurrenez hurren, 2022ko datuetan. Hori gutxi ez eta gainera sortutako aberastasuna modu orekatuan banatzen asmatu du Esloveniak: 23,1eko Gini koefizientea izan zuen 2022n (0=parekotasun osoa; 100=desparekotasun osoa), munduko txikienetakoa. EAEn Gini koefizientea 26,8koa dugu eta Espainian aldiz 32,0koa da, euroguneko okerrenetako bat. Beraz, herrialde txikiok ere badugu lekua munduan.

Ekoizkortasuna hobetzeko hainbat neurri eta… Kontseilua?

Hainbat neurri proposatu ohi dira ekoizkortasuna eta Faktoreen Ekoizkortasun Osoa igotzeko. Horietako bat da inbertsioa handitzea hainbat esparrutan. Batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) aktiboetan. Bestetik, aktibo ukiezinetan. Horren barnean daude softwarea eta datu-baseak, diseinua, marka-irudia, enpresek langileei ematen dizkieten prestakuntza, antolaketa-egitura berritzaileak, eta abar. Era berean, kapital publikoan.

Horrekin batera giza kapitala sustatzea ere gakotzat jo izan da, eta honen barnean daude hezkuntza hobetzea, gaitasun digitalak garatzea eta profesionalizatutako kudeaketa-ereduak gailentzea (bai sektore pribatuan, eta baita publikoan ere). Ekimen interesgarriak sortu dira, adibidez, eremu publikoan. Duela gutxi oso txosten interesgarria argitaratu da Erresuma Batuan: kostuen eraginkortasunetik harago joan nahi du, antolakuntzen produktibitatean eta efektibotasunean arreta jarriz, transformazio digitala eta pertsonen kudeaketa azpimarratuz.

Hainbat neurri proposatu ohi dira ekoizkortasuna eta Faktoreen Ekoizkortasun Osoa igotzeko. Horietako bat da inbertsioa handitzea hainbat esparrutan

Azkenik, beste hiru esparrutan ere inbertsioa sustatzea proposatu ohi da: ikerketa eta garapenean (I+G), eta berrikuntzan; digitalizazioan; eta enpresa berrien eta berritzaileen sorreran.

Bestalde, neurri horiek lagunduz, lan merkatuaren funtzionamendu egokia sustatzea bide egokitzat jo ohi da, halanola dagoen laneko behin-behinekotasuna murriztea, malgutasuna sustatzea, agente ekonomikoen arteko negoziazioa sustatzea,… Gainera, merkatuetan lehia sustatzea eta politika industrial egokiak diseinatu eta martxan jartzea ere egokitzat jo ohi da.

Hemen ere aipa genitzake Produktibitate Kontseilu Nazionalak. Fundacion BBVAren txosten batek dioenez, EB-27ren baitan ekoizkortasun zifra onena duten hamar herrialdeek komisio bat dute hobekuntzak sustatze aldera.

Zergatik ez aprobetxatu gure ahalmenak euskal produktibitate-ekoizkortasun kontseilu nazional batean pentsatzen hasteko? Etorkizunak eskertuko digu, esanahi bereko bi hitz besterik ez badira ere

Europako Batasunak hobekuntza horiek abiatzea aholkatu zuen 2016an. Italia, Espainia eta Polonia dira hutsune hori bete ez dutenetakoak. Espainiaren kasuan 2024ko martxoan hasi omen da lehen urratsak ematen. Neurri handi batean Espainiak eta EAE-Nafarroak antzeko arazoak eta zergatiak dauzkagu produktibitatearen hazkunde geldoari begira.

Burujabetzaren bidean badira sortzen ari diren Gaindegia edota Euroeskualdea moduko ekimen sozioekonomiko interesgarriak, gure ongizatea (eta datozen belaunaldiena) hobetzeko asmoz beti ere. Zergatik ez aprobetxatu gure ahalmenak euskal produktibitate-ekoizkortasun kontseilu nazional batean pentsatzen hasteko? Etorkizunak eskertuko digu, esanahi bereko bi hitz besterik ez badira ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK