• EKONOMIA
  • Proiektu berritzaileen nazioartekotzea sustatuko dute Gipuzkoako Ganberak eta Donostia Sustapenak

Proiektu berritzaileen nazioartekotzea sustatuko dute Gipuzkoako Ganberak eta Donostia Sustapenak

Ekintzaileak hazteko nazioartekotzea funtsezkotzat jo du Ane Oyarbide Ekonomia eta Enpleguko zinegotziak

Ane Oyarbide eta Mauricio Arregui | Argazkia: Donostia Sustapena
Ane Oyarbide eta Mauricio Arregui | Argazkia: Donostia Sustapena
2025eko uztailaren 11a - 12:52

Donostia Sustapenak eta Gipuzkoako Ganberak akordio berria sinatu dute bi helbururekin: batetik, tokiko proiektu berritzaileen nazioartekotzea bultzatzea, eta, bestetik, Donostia “erakarpen-gune” gisa sustatzea, horretarako nazioarteko merkatuetako eragile garrantzitsuak identifikatuta. Lankidetza Udal Elkarteak tokiko proiektuen hazkundea hobetzeko duen estrategiaren parte da.

 

Zehazki, laguntza espezializatua eskainiko zaie proiektuei, eta merkatu estrategikoetan funtsezkoak diren eragileekin konexioa sustatuko da, “Donostiaren nazioarteko erakargarritasuna indartzeko”. Aldi berean, informazio saioak eta laguntza programa espezializatuak ere antolatuko dira.

Bai Gipuzkoako Ganberak, bai Donostia Sustapenak, nazioarteko berrikuntzekin lan egin izan dute azken urteetan, enpresa proiektuei nazioarteko aukerak ematen, nazioarteko marketineko programak eskaintzen, konexio eta lankidetza estrategiak lantzen, baita baliabide eta azpiegiturak sortzen ere (besteak beste, Talent House Harrera Plana inauguratu zuen Donostia Sustapenak).

 

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia eta Mauricio Arregui Gipuzkoako Ganberako presidentea izan dira hitzarmena sinatu dutenak, eta biak ala biak baikor agertu dira adostutakoarekin. “Nazioartekotzea funtsezkoa da ekintzaileak hazteko” azaldu du Oyarbidek, eta akordioarekin “tokiko talentuarekin, berrikuntzarekin eta ekonomia lehiakorrago zein globalki konektatuagoarekin” duten konpromisoa indartzen duela gaineratu du.