• EKONOMIA
  • Rosa Carabelek (Eroski) irabazi du 2026ko Ekonomistak Saria

Rosa Carabelek (Eroski) irabazi du 2026ko Ekonomistak Saria

Eroskiren eraldaketa finantzarioa eta hazkunde iraunkorra saritu ditu Ekonomisten Euskal Elkargoak

Rosa Carabel, Eroskiko CEOa | Argazkia: Raul Bogajo/Foku
Rosa Carabel, Eroskiko CEOa | Argazkia: Raul Bogajo/Foku
2026ko urriaren 28a - 12:08
Eg. 2026ko urriaren 28a - 12:11

Ekonomisten Euskal Elkargoak Rosa Maria Carabel Di Paola Eroski taldeko zuzendari nagusia izendatu du 2026ko ekonomistak sariaren irabazle. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta enpresa ereduak garatzen laguntzen duten pertsonak aintzatesten ditu sari horrek, eta aitortza datorren azaroaren 9an emango diote Carabeli, Bizkaia Aretoan, III. Ekonomistak Profesional Foroaren itxiera gisa.

 

Ekonomisten Euskal Elkargoak nabarmendu duenez, Carabelen ibilbide luzeak emaitzak, eraldaketa eta gizarte-erantzukizuna uztartzen ditu, kooperatiba-funtsetik eta pertsonekiko zein berdintasunarekiko konpromisotik abiatuta. Bera izan da Eroski gidatu duen lehen emakumea taldearen 50 urte baino gehiagoko historian. Carabel 1997an sartu zen taldean eta, hainbat kargu izan ostean, zuzendari nagusiaren postua hartu zuen 2022ko uztailean.

Bere zuzendaritzapean, konpainiak finantza-eraldaketa borobildu du. 2025eko ekitaldian, Eroskik 6.081 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, bai eta 340 milioiko Ebitda ere, azken hamarkadako handiena. Halaber, taldearen birfinantzaketa eta zorraren normalizazioa osatu dira aldi honetan, hazkunde iraunkor eta diziplinatuari bidea irekiz.

 

"Lidergo humanista eta kooperatiboa" defendatzen du sarituak, erabakien erdigunean pertsonak ezarrita. Ekonomisten Euskal Elkargoak adierazi du erakundearen barruan berdintasuna erabat integratuta dagoela, eta jakinarazi dutenez, erantzukizuneko postuen %74 emakumeek betetzen dituzte gaur egun. Estrategia horrek bezeroentzako aurrezpena, tokiko ekoizleentzako babesa eta helburu sozialetarako inbertsioak ere uztartzen ditu.

Saritua hautatzeko prozesuan, epaimahaiak bere hiru hamarkadako ibilbide profesionala eta kooperatibaren buruan egindako kudeaketa nabarmendu ditu. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain