ELAk euskarafobia kasuak salatzeko tresna berria jarri du martxan, errazago jakinarazi ahal ziateko langileek lan munduan bizi dituzten hizkuntza eskubideen urraketak. Sindikatuaren esanetan, 'Salaketa txokoa' izeneko ekimenaren helburua da euskararen aurkako jokabideak bildu eta ikusgarri egitea, langileen hizkuntza eskubideen defentsan aurrera egiteko.
Ekimen hori 'Euskarafobia gida' izeneko argitalpenaren barruan aurkeztu du ELAk. Sindikatuaren arabera, euskararen erabilera mugatua da hainbat esparrutan, eta euskaldunek sarritan hizkuntza eskubideen urraketak jasaten dituzte. Horren aurrean, euskarafobiaren aurkako jarrera aktiboaren alde egin du sindikatuak, eta hain zuzen ere, horregatik jo du beharrezkotzat egoera horiek identifikatu, salatu eta ikusarazteko tresnak indartzea.
Gidak, gainera, euskarafobiaren hainbat adibide jasotzen ditu, bereziki lan munduan gertatzen diren egoerak azpimarratuz. Horien artean daude lantokiko bilerak, agiriak edo laneko jarraibideak erdara hutsean ematea, langileek lanorduetan euskara ikasteko aukerarik ez izatea edo enpresetan euskaraz lan egiteko oztopoak jartzea. Sindikatuaren ustez, horrelako egoerek langileen hizkuntza eskubideak mugatzen dituzte, eta horregatik dei egin du halako jokabideak salaketa txokoaren bidez jakinaraztera.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta