
Egitasmo bat egon bazegoen: Stephen Miranen A User Guide Restructuring Global Trading System —Mar a Lago Accord izenez ezagutua— eta Trump 2.0 agintaldian muga zergen bitartez mundua berregituratzeko nabigazio mapa zena. Trump gida honek ematen zituen gomendioetatik zakarki desbideratu da. Hiru ataletan banatu daitezke bilakaeraren arabera: nolabait martxan jarriak daudenak, kontutan hartu gabekoak eta zalantzagarriak diren baieztapenak.
Nolabait martxan daudenak…
- Europako berrarmatzea
Nabigazio gidaren arabera, “babes aterpe barruan egon nahi zuten herriek halabeharrez komertzio justuaren aterpean egon behar zuten…” Hau da xedea: AEBk NATOko kide guztiei muga zergak berdindu eta bere babes betebeharretan utzikeriaz jokatuko lukeela mehatxu egingo lieke baldin eta NATOko kideek errepresalia bezala muga zergak ezarriko balituzte. Puntu hau egitasmoaren arabera betetzen ari da ñabardura batekin: nahikoa zen muga zergekin mehatxatu eta ez Ukrainako eta Europa mendebaldeko herriekin etsaitasuna areagotu, ezta Groenlandia anexionatzeko saiakerak egin. Ondorioz, aliatuak zirenak erantzuten ari dira aliatu berriak bilatuz aurretik emandako konpromiso askeen ordez.
- Epe luzerako zorraren errendimenduaren igoera arriskuan dago
Egitasmoaren egilearen ustez dolarrak gora egin beharko luke muga zergen ezarpena konpentsatzeko (karga zergapetutako herrien gain ezarriko litzateke). Onartzen du, ostera, posiblea dela horrela ez izatea eta dolarra ahulduz gero inflazioaren kezka eta defizit publiko handiak zorraren gaineko (treasury) presioa areagotu eta zor merkatuetan salmentak orokortzea. Nahiz eta inflazio zenbakiak azken hilabetetan hobetu (muga zergen ondorioak ez dituzte oraindik nabaritu) azken hau gertatzen ari da.
Kontutan hartu gabeko gomendioak
- Ibilera graduala
Miranen gida lerroek diote AEBek Txinari muga zergak ezartzerakoan gradualki egikaritu beharko lituzkeela; aurretik eskaera zerrenda bat egin, esaterako: AEBeko enpresei merkatu batzuk zabaldu, jabetza intelektualaren lapurretarekin bukatu edo kalte ordainak jaso, nekazal produktuen erosketak behartu, monetaren balioa igo…; eskari hauek betetzen ez diren heinean hilero %2ko muga zerga ezarri. Hartu den erabakia, ostera, oso epe laburrean Txinari muga zergak %145 jasotzea izan da. Azken hiruhilabeteko bira eta joan etorri asaldagarriek argi utzi dute ez direla oinarri sinesgarriak izan edozein negoziaketarako. Ondorioa ziurgabetasun egoera da eta ziurgabetasunak aldendu egiten ditu ekonomia jarduerak eta diru sarrerak. Aurreko astean Erreserba Federalak (FED) argitaratu zuen bere Beige Bookean negozioentzako arazoen zerrendan ziurgabetasuna dela goiburukoa azaldu zuen. Oxford Economicsen azken edizioan grafiko esanguratsu hau agertzen da:
- Merkatuak ez haserretu
Liberation Day izeneko egun horretatik abiatuz merkatarien ustez merkatuek Trump birritan behartu dute atzera egiten: lehenengoa muga zergak argitaratu zituenetik hilabetera 90 egunez atzeratu zituenean gauzatzeak eta bigarrena Powell (FEDeko burua) kaleratzeko mehatxua egin eta aste betera aukera hau baztertu zuenean. Nahiz eta Etxe Zuria merkatuak jasotzen ari diren salmenten aurrean beldurgabearen itxurak egin merkatuen ustez Trumpek badu bere “put aukera”, non “strike” prezio horretan presidenteak urduritasuna nabaritzen duen.
Egitasmo honetan zalantzagarriak diren baieztapenak
Muga zergak ez dira inflazio sortzaileak
Oinarria: muga zergek diru sarrerak bermatzen dituzte eta moneta doitze bat emanez, 2018-2019 urteetan gertatu zen bezala, inflazioan eragina txikia edo jaitsierako izango da. Urte haiekin alderatuz gaur egungo egoera bestelakoa da: orduan muga zergak gradualki ezarri ziren eta inflazioa ordukoa baino altuagoa da; prezio igoera berrien arriskuak jendearengan ezegonkortasuna sortzen du.
AEBek igorritako zor publikoaren eskaera agortezina da
Oinarria: dollarra eta AEBeko zor publikoa edo treasuryak zeharka erabiltzen dira eta bere eskaera inelastikoa da; Mikronesia eta Polinesiaren arteko merkatal salerosketetan treasuryak erosten dira berme bezala AEBeko merkataritza balantza dena dela. Azken asteetan bilakaera bestelakoa izan da. Liberation egunetik aste batera 10 urtetarako zorraren errendimenduak azken 20 urteetan izandako aste beteko igoerarik handiena izan zuen. Gerora nolabaiteko lasaitasuna lortu duen arren treasuryek izango duten bilakaera ez dago argi oraindik.
AEBetik mailegua emateagatik atzerritarrak gehiago ordainduko lukete
Oinarria: AEBko zorra erreserba bezala erabiltzen da eta pilaketa ekidin behar da. Azken hiru hilabeteetan gertatu dena da beste aukera batzuen aldeko hautua indartu dela esaterako: bono alemaniarra, franko suitzarra, urrea edo bitcoina bera. AEBk bere zorrean gain kostu bat ezarriko balu bere defizita finantzatzea zailagoa egingo lekioke AEBera doazen diru funtsak etengo liratekeelako.
AEBek Txina gainditu lezake “oilo jokoan”
Oilo jokoa: kotxe bi parez pare aurkako noranzkoan; topo ez egitearren norabidea aldatzen duen autoak galdu egiten du. Oinarria: AEBk mundu mailan kontsumo eskaera handia du merkatu sendo batekin. Beste lurralde batzuk baino hobeto mantendu dezake buruz buruko joko hau. AEBk erosketa asko egiten ditu atzerrian baina joko honen gakoa ez datza min gehien egitean baizik eta jasotzen den minari gehien eustean eta horretan Txina nagusi da.
“Salbuespen amerikarra” bukatzear
Urteetan eraikitako ideia da eta pandemia osteko urteetan asko hazi da; AEBeko ekonomia betirako mugimendua duen makina bat bezala barrundatzen duelako eta mundu mailan jurisdikzio seguruena eskaintzen duelako AEBri lotzen zaion arriskua txikienetakoa zirudien, eta bere akzio merkatua itsulapiko bezala erabili izan dute munduko beste herrialde guztiko inbertsoreek. Konfiantza galduta jendeak bere dirua etxera bueltatzen du. Merkatuak ez dira lerro zuzenean mugitzen; gora beheretan mugitzen dira eta aurreko asteko bezalako erreboteak aprobetxatzeko aukera izan arren “amerikar salbuespenaren” bukaeraren egoera honen jaitsiera gradualean kokatzea burutsuena da.