• EKONOMIA
  • Salmenta zuzena, errentagarritasuna eta landa-eremu bizi baten ekonomia

Salmenta zuzena, errentagarritasuna eta landa-eremu bizi baten ekonomia

Autentika azokaren gibelean, bada aisialditik haragoko planteamendu ekonomikoa ere: hiriko kontsumitzailea eta elikagaiak ekoizten dituzten pertsonak aintzinez aintzin paratzea

Ardi batzuk, Autentika azokaren iazko edizioan | Argazkia: Intia
Ardi batzuk, Autentika azokaren iazko edizioan | Argazkia: Intia
leire martinez
Kazetaria
2026ko irailaren 1a - 05:30

Irailaren 4tik 6ra Autentika azokaren bigarren edizioa eginen da Iruñeko Runa parkean, Sanferminetan ukuiluak izaten diren eremuan. Oraingoan, ordea, zezenketarako zezenen ordez betizuak eta Nafarroako bertze tokiko arraza batzuk izanen dira protagonista. Ostiral arratsaldean, 17:00etan, irekiko ditu ateak azokak, eta igandean 14:00ak arte egonen da zabalik. Eskaintza gastronomikoa, tokiko produktuen merkatua, haurrentzako jarduerak, arraza autoktonoen erakustaldiak, artzain txakurren saioak, hitzaldiak eta gazta edo tomate lehiaketak izanen dira, besteak beste.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Azokaren gibelean, ordea, bada aisialditik haragoko planteamendu ekonomikoa ere: hiriko kontsumitzailea eta elikagaiak ekoizten dituzten pertsonak aintzinez aintzin paratzea. Helburua da kontsumitzaileak hobeki ulertzea kalitatezko elikagai baten prezioaren gibelean zer dagoen, nork sortzen duen eta zer kostu dituen ekoizpen horrek. Horren inguruan ariko da Mikel Nazabal INTIAko abeltzaintza-aholkularitzako koordinatzailea larunbatean, 19:00etan, Kontsumo eta elikadura ereduak izeneko hitzaldian.

Nazabal albaitaria da eta 35 urte daramatza INTIAn lanean. Haragitarako behien arloan hasi zen, eta azken hamar urteetan abeltzaintzako aholkularitza koordinatzen du. Bere lanaren ardatz nagusietako bat ustiategien errentagarritasuna hobetzea da, datu ekonomikoak aztertuz eta abeltzainei sarrerak handitzeko edo gastuak murrizteko aukerak bilatzen lagunduz.

 

Zuzeneko salmentak denbora eta antolaketa gehiago behar ditu, bezeroak bilatu, produktua prestatu eta banatu... Beraz, apustu horrek funtzionatzeko kalitatezko produktua, bezero egonkorrak eta negozio-eredu argia behar ditu

Haren arabera, gaur egun Nafarroako ustiategien arazo ekonomiko nagusia errentagarritasuna da. 2025a urte ona izan zen sektore batzuendako, ekoizpen-gastuak apaldu eta salmenta-prezioak maila onean izan zirelako. 2026an, ordea, egoera estutu egin da: salmenta-prezioek behera egin dute zenbait jardueratan, lehorteak bazka gutxiago ekarri du eta horrek kostuak handitu ditu. Esnean zein haragian, pentsuaren, energiaren, gasolioaren, garraioaren, aseguruen edo tailerreko konponketen garestitzeak zuzenean jotzen du ustiategiaren marjina. “Dena igotzen bada eta zuk produktuaren prezioa neurri berean igo ezin baduzu, errentagarritasuna behera doa”, laburbildu du Nazabalek.

Testuinguru horretan, salmenta zuzena aukera interesgarria izan liteke ekoizlearentzat, bitartekari gutxiagorekin hondarreko prezioaren zati handiagoa bereganatzeko aukera luzatzen duelako. Hala ere, Nazabalek argi erran dio EnpreBIDEAri ez dela irtenbide automatikoa. Zuzeneko salmentak denbora eta antolaketa gehiago behar ditu, bezeroak bilatu, produktua prestatu eta banatu, administrazio-erregistroak bete eta, kasu batzuetan, pertsona gehiago kontratatu. Horrek guztiak kostuak areagotzen ditu. Beraz, apustu horrek funtzionatzeko kalitatezko produktua, bezero egonkorrak eta negozio-eredu argia behar ditu.

Bertzalde, kontsumitzailearen jarrerak ere badu pisua. Nazabalen ustez, herritar aunitzek badakite kalitatezko produktu batek baldintza eta kostu jakin batzuk dituela, baina erosteko unean prezio merkeena bilatzeko joera nagusitzen da sarritan. “Teorian denok gaude ados tokiko produktua eta ekoizlea babestearekin, baina gero erosketan prezioak pisu handia du”, erran du. Horregatik, Autentika bezalako azokek kontsumitzaileari aukera ematen diote elikagaiaren gibelean dagoen lana ezagutzeko eta produktuaren prezioa ekoizlearen bizi-baldintzekin lotzeko.

image2(2)
Iazko Autentika azoka | Argazkia: INTIA

Horrez gain, lehendabiziko sektorearen errentagarritasuna ez da soilik ustiategi bakoitzaren arazo ekonomikoa. Nazabalek azpimarratu du nekazaritzak eta abeltzaintzak herrietan biztanleria eta jarduera ekonomikoa finkatzen dituztela. Ustiategiek tokiko merkataritza, tailerrak, ostalaritza, zerbitzu profesionalak eta bertzelako enpleguak elikatzen dituzte. “Herri txiki batean abeltzaintzarik edo nekazaritzarik ez balego, gainerako zerbitzu aunitz ere desagertuko lirateke”, dio.

Eragin sozial eta ekonomiko horri ingurumenekoa ere gehitzen zaio. Abeltzainek mendia eta paisaia mantentzen laguntzen dute, eta aziendaren presentziak suteen prebentzioan ere badu eragina. Hori dela eta, Nazabalen ikuspegitik, lehendabiziko sektorearen jasangarritasuna ez da soilik ingurumenarekin lotutako kontzeptua: ekonomikoa eta soziala ere bada.

Mikel Nazabal (INTIA): “Teorian denok gaude ados tokiko produktua eta ekoizlea babestearekin, baina gero erosketan prezioak pisu handia du”

Autentikak lotura hori guztia hirira ekarri nahi du. Ekoizlea, animalia, produktua eta kontsumitzailea espazio berean elkartuz, dendako azken produktuaren eta landa-eremuko lanaren artean dagoen kate osoa ikusgarri egitea da helburua. Azken batean, tokiko elikadura-ereduaz solastea prezioez, lanaz, errentagarritasunaz eta herrien etorkizun ekonomikoaz hitz egitea ere bada.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain