
Santi Martinez CCOO Euskadiko idazkari nagusi izendatu dute gaur. Gasteizen egindako bi eguneko kongresuan, bertaratutako 179 delegatuek bozkatu dute bere alde, eta bertan, Loli Garcia orain arte sindikatuko buru izan denak kargua utzi du.
Barakaldotarra da Martinez eta 2017tik sindikatuaren Ekintza Soziopolitiko eta Komunikazio idazkaria izan da Loli Garcíaren taldean. Zuzenbidea lizentziatua da eta EHUko master bat du estrategia garapen kooperazioaren arloan.
2010ean sindikatuko Batzorde Eragilean sartu zen Gazteak elkarteko arduradun gisa, eta 2014an Mugimendu Sozialeko sailaren idazkaritzan sartu zen.
Nafarroan, Joseba Romeo
Nafarroako CCOOk ere bere XIII. kongresua du gaur Iruñean, Iruña Park hotelean, eta bertara joan diren 93 ordezkariek hurrengo idazkari nagusi hautatuko dute Joseba Romeo. Chechu Rodriguezen lekukoa hartuko du Romeok, kongresuan aurkeztuko den hautagai bakarra baita. Gaur arratsalderako dago deituta bozketa.
Romeo sindikatuaren Industria federazioko idazkaria izan da orain arte, eta lehenago TWR autoen osagarriak ekoizten dituen enpresan egin zuen lan.