• EKONOMIA
  • Ekainean %9,8 igo dira EAEko hoteletako sarrerak

Ekainean %9,8 igo dira EAEko hoteletako sarrerak

Gau ostatuek ere %8,7ko hazkundea izan dute iazko epe beraren aldean

Batez besteko egonaldia 1,98 egunekoa izan da | Argazkia: Europa Press
Batez besteko egonaldia 1,98 egunekoa izan da | Argazkia: Europa Press
2025eko uztailaren 21a - 11:11

2024ko ekainaren aldean igo egin dira hotel-establezimenduetako sarrera eta ostatu gau kopuruak. Hurrenez hurren, urte arteko %9,8 eta %8,7ko hazkundea izan da, orotara 368.409 sarrera eta 729.870 ostatu gau zenbatu baitira, Eustaten datuen arabera. Hala ere, batez besteko egonaldia 1,98 egunekoa izan da, iaz baino zertxobait baxuagoa (2,00 egunekoa izan zen aurreko urteko ekainean). Aldi berean, okupazio maila plazen arabera neurtuta %65,1ekoa izatera iritsi da, eta gelen arabera neurtuta, aldiz, %79,4ra.

 

Bizkaia eta Gipuzkoan izan da hazkunderik nabarmenena. Gipuzkoan %11,5 handitu da sarreren kopurua, 155.444 sarrerekin; %9,1eko gorakada izan da ostatu gauei dagokionez, 317.918 gaurekin. Bizkaian, hurrenkera bera jarraituta, %10,7ko eta %9,6ko igoera izan da: 167.392 sarrera eta 316.907 ostatu gau zenbatu dira. Araban ere hazkundea izan den arren, apalagoa izan da: %1,9 igo dira sarrerak (45.573 sarrera) eta %4,3 ostatu gauak (95.045 gau).

Urteko metatuan, hau da, 2025eko urtarriletik ekainera bitartean, sarrerek %4,6ko igoera izan dute (2024ko epe beraren aldean) eta ostatu gauek %5,4koa. Batez besteko egonaldia 1,93koa da lehen sei hilabeteetan, eta iazkoa, ordea, 1,91koa zen. Okupazio mailari dagokionez, plazen arabera %54,0koa izan da, eta gelen arabera %65,7koa.