
Urteroko Batzarra egin dute gaur SEA Instaguneko kideek, hau da, Arabako enpresa instalatzaileen taldeak, eta sektorearen egoera positiboa dela baieztatu dute.
Gaur egun Arabako sektoreko 200 enpresek, gutxi gorabehera, 1.000 enplegu barne hartzen ditu, alegia, iaz baino %4,2 gehiago. Horrek esan nahi du sektorea une onean dagoela, eta SEA Instagunek gaineratu du gakoa izan dela, batik bat, enpresa txiki eta ertainek egindako lana. “Enpresa horiek ez dute soilik oraina begiratzen, etorkizuna ere aztertzen baitute” diote SEA Instagunetik.
Enpresa instalatzaileek trantsizio energetikoaren gainean duten eragina ere azpimarratu dute bileran, eta esan dute sektorea etorkizuneko energiaren funtsezko arloen buru izateko prestatzen ari dela, hala nola, autokontsumoa, energia berriztagarriak eta mugikortasun elektrikoa. Taldeak azpimarratu du sektorea aukera erreala, segurua eta profesionala dela lanbide-heziketako gazteentzako enplegu gisa.
Bestalde, indarrean dagoen araudia berrikusteko ere eskatu dute batzarrean. Zehatz-mehatz, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion Espainiako Gobernuaren aurrean esku hartzeko, Behe Tentsioko Araudi Elektrotekniko berriak derrigorrezkotzat jo dezan mantentze-kontratuak sinatzea instalazio elektrikoetarako. “Segurtasuna hobetu eta sektorearen jarduera dinamizatuko luke” adierazi dute SEA Instagunetik.