• EKONOMIA
  • SEAk berretsi du Arabako dezelerazio ekonomikoak bere horretan jarraitzen duela

SEAk berretsi du Arabako dezelerazio ekonomikoak bere horretan jarraitzen duela

Lurraldeko enpresen kezka nabarmenena lan absentismoa da

Argazkia: SEA
Argazkia: SEA
2025eko urriaren 24a - 13:40

Arabako jarduera ekonomikoak geldialdi zantzuak erakusten jarraitzen du. SEA Arabako Enpresen Behatokiaren arabera (2025eko irailari dagokiona), duela urtebete atzemandako dezelerazioak bere horretan jarraitzen du, aldaketarik gabe, eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenek okerrera egingo duela ere adierazten dute. Izan ere, inkestatutako enpresen ia erdiek jarduera are gehiago jaitsiko dela uste dute.

 

Bost sektore desberdinetako konpainien artean egin dute ikerketa, zeinak kostuen igoera eta enpresa-marjinen murrizketa adierazten dituen. Hala ere, enpleguak nolabaiteko egonkortasuna mantentzen du: enpresen %65ek plantilla mantenduko dute. Halere, %47k adierazi du eskaera-zorro ahula edo oso ahula duela, eta %73ak baino ez dio eusten bere produkzio-gaitasunari %60tik gora. Horrek esan nahi du, aurreko txostenekin alderatuta, beherakada izan dela.

Laneko absentismoa da oraindik ere Arabako enpresaburuen kezka nagusia: langile bakoitzak urtean batez beste hogeita bost egun ematen baititu “lanetik kanpo”. Kezka horri lan-kostu handiak eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak gehitu behar zaizkio. Gainera, hamar enpresatik lauk kezka agertzen dute ekonomiaren ahultasun orokorragatik eta ezegonkortasun politiko eta geopolitikoagatik.

 

Politika publikoen esparruan, presio fiskala murriztea, negoziazio kolektiboan esku-hartze txikiagoa eta laguntzen izapidetze arinagoa eskatzen dute enpresek. “Konpainiek egonkortasuna, segurtasuna eta ingurune lehiakorragoa eskatzen dute beren jarduerari eutsi ahal izateko”, nabarmentzen du SEAren txostenak.