• EKONOMIA
  • Silvia Ruiz (Ejaso): “Hollywooden interesa dute Araban zinea ekoizteko”

Silvia Ruiz (Ejaso): “Hollywooden interesa dute Araban zinea ekoizteko”

Arabako pizgarri fiskalek nazioarteko ekoizpenak erakartzen dituzte, eta BeShowk tokiko zein atzerriko proiektuak konektatzeko zubi-lana indartu nahi du

Silvia Ruiz | Argazkia: utzita
Silvia Ruiz | Argazkia: utzita
Maitane Junguitu
Gizarte Komunikazioan doktorea
2025eko azaroaren 27a - 05:30

Aurreko astean APIKAk, Arabako ikus-entzunezko ekoizleen elkarteak, Optimizatu zure fiskalitatea, bultzatu kultura ekitaldia antolatu zuen pizgarri-fiskalen inguruan. Fundación Vitalekin elkarlanean, bertan izan ziren Ejaso enpresako Silvia Ruiz eta Alberto López. Beraiekin batera Arabako Aldundiko zerga ikuskatzailea den Borja Ruiz de Azua eta Gloria Peña ekoizleak ere parte hartu zuten.

 

Ekitaldian Arabako pizgarri-fiskalei buruz aritu ostean, Ruizekin hitz egin zuen EnpresaBIDEAk. Ruizek hamarkada bat baino gehiago lan egin du ikus-entzunezko ekoizpenean eta, gaur egun, Ejasoko BeShow negozio unitateko bazkidea da. Negozio horren zerbitzu nagusia 360 graduko zerbitzu juridikoa ematea da ikus-entzunezkoen enpresa ekoizleei zein inbertitzaileei. 40 urte baino gehiagoko esperientzia dute eta 300 profesional dituzte lanean, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen alde egiten duen enpresa sendoa delarik. Ruiz BeShoweko ordezkaria da Gasteizen.

Arabako zerga pizgarriek bi urte baino ez daramate martxan. Noiz ikusi zuen BeShowek Gasteizen kokatzeko beharra?

 

Ni Gasteizera ailegatu ondoren, BeShow harremanetan jarri zen nirekin hirian bulego bat irekitzeko. Nire zeregina EAEn eta Nafarroan negozioa garatzea da, sortzaileak lagunduta egon daitezen eta pizgarri-fiskala aurrera atera dadin. Bitartekariak izan nahi dugu negozioa garatzeko eta pizgarriek industria indartzeko. Gaur egun, Espainiako ia hiri guztietan ditugu bulegoak, eta bulego bat ireki berri dugu Miamin. Bulego horrek Ipar Amerikako ekoizpenak Euskadira erakartzeko balioko digu.

Laguntza ematen diozue inbertitzaileei eta ikus-entzunezko ekoizleei. Nolakoak dira Araban ikus-entzunezko arloan inbertitzaileak bilatzen ari diren enpresak?

Espainiatik kanpoko ekoizleak iristen ari dira Arabara. Interes handia dute Estatu Batuetako enpresak, Kanadakoak, Latinoamerikakoak eta Txinakoak. Araban dugun pizgarri-fiskala Europako hoberena da, beraz, erakartze-efektua gertatzen ari da. Hollywood ere gure probintziara hurbiltzen ari da.

Tokiko ekoizleak ere badaude, eta ondo posizionatzen ari dira, bai beren proiektuak egiteko, bai interesa duten atzerriko ekoizleekin batera ekoizteko.

Zer-nolako interesa dute Hollywoodeko ekoiztetxe handiek Euskal Herrira filmatzera etortzeko?

Interes handia dute. Besteak beste, une honetan American Filmen Marketean hainbat lankide ditugu estatu mailako hainbat klusterrekin elkarlanean aritzeko. Datozen asteetara begira, AEBtako ordezkariekin hainbat bilera ditugu pizgarriaren inguruko xehetasunak emateko. Gainera, bertako enpresak oso harkorrak izaten ari dira ekoizpen mota horietan laguntzeko.

"Araban dugun pizgarri fiskala Europako hoberena da, beraz, erakartze-efektua gertatzen ari da"

Erronka inbertitzaileak bilatzea da, ez baitigute balio Estatu Batuetatik ekar ditzaketenek. Eta errealitatea da ikus-entzunezkoen munduan ez dagoela %100eko bermerik inbertitzaileak aurkitzeko, baina mekanismo juridiko guztietaz baliatzen gara inbertsioa lortzen bada ekoizleek nolabaiteko segurtasuna izan dezaten.

APIKA Labeko aholkularia zara. Zer nolako proiektuekin egin duzu topo eta ze erronkei egin behar izan diezu aurre proiektu hauekin zerga-arloan?

APIKA bultzada basatia duen foroa da. Ekimen oso interesgarriak egiten ditu, eta beste elkarte asko ditu berari begira. Prestakuntzari dagokionez, hainbat gairi garrantzia ematen diote, hauen artean arlo juridikoari. Zentzu horretan, ekoizpen txikiekin egiten dut topo, baina hauek potentzial izugarria duten sortzaileek orkestratzen dituzte. Niri maila pertsonalean eta profesionalean sortzaile nitxo honekin lan egitea gustatzen zait. Sortzaile horiei laguntzen diegu, eta ez dute zertan hazi behar aurrekontu aldetik, baina bai maila profesionalean.

Mahai-inguruan aipatu da pizgarriak proiektu txikiei ere aplikatzen zaizkiela, hala nola, film laburrei eta dokumentalei. Zuentzat erronka handiagoa da hain handiak ez diruditen proiektu horietarako inbertitzaileak bilatzea?

Guk ez dugu bereizketarik egiten. Ikusten dugunean proiektu bat bideragarria dela eta finantza mailan horrelako finantzaketa behar duela, guk aktibatu egiten dugu. Baina, errealitatea da erabakia inbertitzailearen mende dagoela. Hainbat ekoizpen elkartzen saiatzen ari gara, kopuru handiago eta erakargarriago batera iristeko. Eta horrela lortzen dugu inbertitzaile desberdinek beren “tiketa” erostea. Eta horrela bermatzen dugu horrelako ekoizpen txikiek ere finantzaketa izatea. Gainera, finantza-aholkularitzaren barruan aurrekontu mailako dokumentazioa eta finantzaketa-planaren berrikustea sartzen ditugu. Hori guztia proiektuaren neurrira egokitzen dugu.

"Zerga pizgarriak oso modu segurua dira karga fiskal hori doitzeko, eta hori beti dator ondo"

Zein da Arabak ikus-entzunezkoen sektorean duen erronkarik handiena?

Eragile asko ditugu inplikatuta sektorean: inbertitzaileak, enpresak, produktoreak, promotoreak, abokatuak, aholkulari fiskalak, Aldundia bera… Gakoa da eragile horiek guztiek norabide berean lan egitea eta erabateko elkar-ulertzea egotea.

Bizkaia eta Gipuzkoarekin alderatuta, ezaugarri berezi nabarmenik al du Arabak?

Iaz, Bizkaian hainbat proiektu egon ziren inbertitzaile gabe geratu zirenak azken momentuan. Hori alde batera utzita, desberdintasun gutxi dago lurraldeen artean. Gipuzkoatik oso proiektu gutxi iristen ari zaizkigu guri. Agian, Gipuzkoan gure lan-ildoarekin zerikusirik ez duten beste eragile batzuekin ari dira hori artikulatzen. Nolanahi ere, arduraz jokatu behar dugu eta bermearekin finantzatu daitezkeen proiektuak hartu behar ditugu.

Arabako pizgarri-fiskalei buruzko mahai-ingurua | Argazkia: utzitakoa
Arabako pizgarri-fiskalei buruzko mahai-ingurua | Argazkia: utzitakoa

Hala ere, lan asko dago aurretik. Oraintxe bertan inbertitzaileen beharra da gakoa eta hor erakartze-efektua oso garrantzitsua da. Azkenean, profesional eta enpresa ugari ari dira zerga asko ordaintzen, eta Aldunditik esan duten bezala, pizgarri-fiskalak oso modu segurua dira karga fiskal hori doitzeko, eta hori beti dator ondo.

Zein erronka edo joera da etorkizun hurbilerako gakoa?

Erronkei begira asko ditugu, eta horietako bi, Gloria Peña ekoizleak aipatu duen bezala, formazioa eta egitura dira. Talentua erakarri behar da, ekoiztetxeak probintziara etor daitezen eta profesionalak aurki ditzaten, eta, hala, hemen instalatuko dira, benetako zentzuarekin. Hor BeShow ezin da sartu, baina kontziente gara errealitate horretaz. Oro har, nire feedbacka oso positiboa da eta nik uste dut lan handia dugula aurretik.

Beste profesionalen adierazpen batzuk:

Maite Ruiz de Austri (APIKAko lehendakaria): “Ez dago inbertsio txikirik. Film laburrak eta dokumentalak ere badaude, sektorearen etorkizuna eta proiektu handien hazitegia direnak, arrisku eta identitatezko espazioak sortzen dituztenak”.

Borja Ruiz de Azua (Arabako Foru Aldundiko zerga ikuskatzaile laguntzailea): “Zineman inbertitzeak errentagarritasun handia dakar, kontuan hartuta arriskua txikia dela”.

Alberto López (Ejasoko bazkide fiskala): “Inbertitzailearen eta produktuaren arteko lotura bilatzen dugu. Enpresak defendatzen duenaren antzeko lanak izatea nahi dugu”.

Gloria Peña (Izen Producciones Euskadiko-zuzendaria): “Ikus-entzunezkoen sektorea asko ari da hazten Euskadin, eta berarekin batera sektore sateliteak, hala nola, eraikuntza, ostalaritza edo cateringa. Identifikatu dugun behar nagusia hezkuntzarena da”.