• EKONOMIA
  • Sindikalismo "borrokalari, feminista eta antirrazista" aldarrikatu du LABek ikasturte berrirako

Sindikalismo "borrokalari, feminista eta antirrazista" aldarrikatu du LABek ikasturte berrirako

Prekarietatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria-politika nabarmendu ditu sindikatuak

Endika Perez eta Garbiñe Aranburu, gaurko agerraldian | Argazkia: Europa Press
Endika Perez eta Garbiñe Aranburu, gaurko agerraldian | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 1a - 15:54

LAB sindikatuak ikasturte berrirako lehentasun nagusiak zehaztu ditu gaur egindako agerraldian: prekarietatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria-politika. Horretarako, sindikalismo "borrokalari, feminista eta antirrazista" baten aldeko apustua egingo du, mobilizazioa bere helburuetarako tresna gisa hartuta eta subiranotasun-maila handiagoak lortzeko eragile aktibo izateko helburuarekin.

 

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon egindako agerraldian adierazi du diskurtsoak ez direla nahikoa faxismoari, antifeminismoari, arrazismoari eta elkarbizitzari eraso egiten dioten gorroto jarrerei aurre egiteko. "Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak".

Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien politiken norabidea erabat aldatu behar dela nabarmendu du Araburuk. Gaurko prentsaurrekoan, koordinatzaile orokorraren aldamenean Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna izan da. Ohartarazi dutenez, egungo testuinguru politiko eta ekonomikoa ez da langileentzat mesedegarriena, "olatu erreakzionarioa eta joera inboluzionistak" baititu.

 

Gizarte Ekintzako arduradunak esan du ziurgabetasuna dela gaur egun gehien errepikatzen den hitza, eta uste du "aitzakia" gisa erabiltzen ari direla birbanaketa-politikak, zerga-politika progresiboa eta soldatak duintzeko politikak ez bultzatzeko. Ziurgabetasun garai horrek, bere ustez, langileen bizi-baldintzen "prekarizazio handiagoa" eragiten du, uste baitu AEBren eta Europaren arteko muga-zergei buruzko akordioak ere kalte egingo diela, "alfonbra gorria jarri baitzaio Trumpen burutazio neoliberalei".

LABen ustez, kapitalaren aldeko politikak "muturrera" eramaten ari dira, sistema kapitalista "gero eta autoritarioagoa da eta faxismoaren mamua indartsu esnatu da". Era berean, Aranburuk gehitu du Euskal Herria "estatu tresnarik gabeko nazioa" dela, eta "gai soziolaboraletan eta sozioekonomikoetan erabakitzeko gaitasun osoa" ez duela.