• EKONOMIA
  • Sindikatuek otsailaren 6an negoziatu nahi dute gutxieneko soldata propioa patronalekin

Sindikatuek otsailaren 6an negoziatu nahi dute gutxieneko soldata propioa patronalekin

Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan erregistratu dute eskaria gaur, Confebask eta CEN patronalekin biltzeko helburuarekin

Argazkia: LAB sindikatua
Argazkia: LAB sindikatua
2025eko urtarrilaren 14a
Eg. 2025eko urtarrilaren 14a

Zenbait sindikatuk patronalekin bilera egiteko eskaera erregistratu dute gaur Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), lanbide arteko gutxieneko soldata propioa adosteko. ELA, LAB, CCOO eta UGTk negoziazio mahaia eratzeko bilera otsailaren 6an egin nahi dute, Confebask eta CENekin patronalekin eztabaidatzeko. Eskaera Hego Euskal Herrira bideratu dute ELAk eta LABek, eta EAEra soilik CCOOk eta UGTk. Confebaskekoek adierazi dute LHKk proposatutako negoziazio mahaira joango direla, azken horrek bilera epea zehaztean. 

 

Pasa den astean iragarri zuten sindikatuek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa aldarrikatuko zutela. Izan ere, haien ustetan egungo Espainiako estatuak ezarritako gutxieneko soldatak ez du islatzen Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa. Zehazki, ELAk 1.795 euroko soldata defendatu du, eta LABek zertxobait baxuagoa, 1.600 eurokoa.

ELAk datuak gehitu ditu gaur: EAEko BPGa 39.547 eurokoa da eta Nafarroakoa 37.088koa; Espainiako estatukoa, aldiz, nabarmen baxuagoa, hots, 30.968 eurokoa. Gaineratu dutenez, Estatuko gutxieneko soldatak egun 15.876 euro bermatzen ditu; Eusko Jaurlaritzako 2022ko datuen arabera, ordea, 19.848 euroko diru sarrerak behar dira ezinbestez Hego Euskal Herrian.

 

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlarizako bozeramaileak gogorarazi du Jaurlaritzak baduela EAErako "gutxieneko hitzarmen-soldata aztertzeko partida bere aurrekontuetan", eta defendatu du "sindikatuen eta patronalen arteko akordioa" lortu behar dela.