Hiru aste falta dira azaroaren 11rako deitua dagoen greba orokorrerako eta euskal gehiengo sindikala eta etxebizitza sindikatuak elkarrekin mobilizatuko direla adierazi dute. Egun horretarako aldarrikapenak zein diren azaldu dituzte Bilbon egindako agerraldi batean. Greba honetarako lelo nagusia “Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!” izatea adostu dute. Agerraldian azpimarratu dute Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dutela greba orokor honetan.
Hiru aldaketa nagusi bultzatu behar direla nabarmendu dute kalitatezko etxebizitza bermatzeko. Lehena, espekulatzaileen espropiazioa; bigarrena, jardun espekulatiboaren debekua; eta azkenik, etxebizitzen eta baliabideen antolaketa justua behar direla aldarrikatu dute. Horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu dituzte, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera kasu.
Sindikatu guztiek sinatutako oharrean instituzioen ardura agerian utzi dute. Alde batetik Espainiako gobernua kritikatu dute, haien iritziz etxebizitzaren egoera aldatzeko 8 urteetan ez baituelako inolako neurririk hartu. Maila guztietako ardurak seinalatu dituzte ere, tartean Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, haien ustez, etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak dituzten instituzioek negozioa indartzen duten politikak babestu dituzte.
Etxebizitzaren prezioen bidez eta soldaten debaluazioaren bidez langileriak duen pobretzea salatu dute sindikatuek. Aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela adierazi dute.
Greba orokorraren eguneko mobilizazioak hauek izango dira: 12:00etan Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik); 12:30ean, Bilbon (Arriagatik), Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik). Arratsaldean ere mobilizazioak egingo dira lau hiriburuetan zein herri ezberdinetan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta