SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentruen aurrean. Bertan, langileen aldarrikapenei erantzungo dien proposamen zehatzak eskatu dizkie Osakidetzari. Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa 17 urte baino gehiago berritu gabe dago eta langileen aldarrikapenei erantzuna ematea eskatu dute. Bost sindikatuek sinatutako ohar batean azaldu dutenez, Lehen Arretako langileek beraien "haserrea" plazaratu dute osasun zentroetan egindako elkarretaratzeetan. Urriaren 30erako greba deialdia egin dute.
Bost sindikatuek salatu dute, irailaren 30ean egindako bileran, Osakidetzak Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren dokumentu bat aurkeztu zuela, baina dokumentu horrek ez duela jasotzen sakoneko hobekuntzarik, besteak beste, ordainsariei, lanaldi-murrizketei edo lan-kargei deritzonak. Osakidetzako zuzendaritzak abendura arteko negoziazio-egutegia zehaztu du eta hurrengo Mahai sektoriala abenduaren 19rako aurreikusita dago. Gehiengo sindikalak adierazi du egutegi horrek aurrera egiteko, Osakidetzak proposamen zehatzak eta sakonekoak egin beharko dituela.
Jorratu behar direnen gaien artean ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta hobetzea, eta lizentzietan eta baimenetan aurrerapenak izatea dira. Lehen Arreta sendoa eskatzen dute eta horretarako, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, plantillak indartzea eta belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak izatea eskatzen dute ere. Horrekin bat, arreta-gainkarga murriztea, hobekuntzak lan-osasunean eta kontziliazioan, berdintasun neurri eraginkorrak eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak eskatzen dituzte bost sindikatuek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta